Zahartzaroaren zantzuak entzun… Bi agure ari ziren behin berriketan, beste askotan bezala, plazako arboladiko aulki zabalean eseririk, afal ordua noiz iritsiko zain. Blagan lasai ederrean, kontu kontari gozaro, auzoa konpontzen ziharduten, batik bat; etxeko onak ahaztu eta etxekona zapuzten… Esan eta esan, ari eta ari, denbora asko baino lehen, esanaren hariak zahartzaroaz mintzatzera eraman zituen biak, zaharpenez hitz egitera, zahartzearen penez solastera, egunero bezala. Eta, arian-arian, bi agurek beren atsoa ez badute aipagai, akabo kontu guztiak.
—Esaten diat ba nik hiri –zioen Potxolok–; zaharrean, txarrena gure atso masusta apainek daramatela jeneralean. Hori bai: berak ez dituk sekula santan xahartzen; egundo ez ditek beren zahar-minik adieraziko; aldiro mozorrotuko zaizkik betiko inauterian baleude bezala… Ajeak gordetzen abilak dituk.
—Ez duk arrazoi faltarik, motel! –Patxikuk ere bero-bero.
—Jakin nahi baduk –Potxolok–, edozein moduz ere, trikimailu polit askoa badiat nik, gure etxeko atsoen ajeari eta ezinari antz emateko. Gauza batean, behintzat.
—Hori esan behar didak, arraioak ez badituk…! –Patxiku.
—Gauza erraza duk, ba, motel, guretzat gauza errazik ezer baldin bada. Begira, aditu ondo. Esate baterako, eman dezagun andreari gorraizea sortzen ari ote zaion sospetxatan habilela… Ez haiz, badaezpada ere, aurrez aurre ezer adieraztera atrebitzen…
—Motel, motel! Horixe gertatzen ari zaidak niri, azken bolada luzean.
—Primeran. Neuk ez diat probarik egin, baina derrigor funtzionatu behar dik honek. Kasu egidak. Hi jar hadi andreagandik hamar metrora eta egin iezaiok galdera bat, edozein, normal… Ez duela deus ere erantzuten? Ba, ingura hadi bost metrora. Egin iezaiok handik galdera berbera… Kasurik ez diaala egiten? Jar hadi metro pare batera…; galdera egiok metro batetik… Hala eta ere, erantzunik ezean, onartu beharko likek gorraizea duela. Derrigor.
Sekula saiatu ez denak egundo okerrik egin ez du… Haizea harturik, sineste-betean setoso, joan da gure Patxiku beren etxera ttipili-ttapala eta, atariko atetik, andrea salan hamar metrora zela, galdera egin du goratik samar:
—Polit hori, zer dugu gaur afaltzeko?
Inoren erantzunik ez inondik. Pasilloan, salatik bost bat metrora, berriz:
—Polit hori, zer dugu gaur afaltzeko?
Inondik erantzunik ez inorenik. Salako ate atzetik, andrea bi metrora:
—Polit hori, zer dugu gaur afaltzeko?
Andrearen txintik ere ez, arraio mila demonio! Belarri ixkinara, azkenik:
—Polit hori, zer dugu gaur afaltzeko?
Jiratu zaio gizonari andre masusta, haserre-eta-maserre gorri-gorri, eta:
—Lau aldiz, gizona! Esan ez dizut, ba, lau aldiz, oilaskoa dugula gaur afaltzeko, patata frijituekin… Zer? Gorraizea duzu, ala!? Hau lana dudana nik zurekin, ene San Jose Gorraize…
Orduantxe otzandu zitzaizkion haizeak eta lainezak. Izan ere, arrazoi guziz bidali baitzuen andreak ttottoaren salara beste behin berriro… Eta hemen du akabera Potxolo eta Patxikuren ipuinak. Zenbat halakoxe txotxolo-praixku!
Bizargorri, 2019-02-13