>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

BIBO USTEKO BABOA

Hondarribiko aireportuan, esanak esan, egunero dabil jende andana, bateko eta besteko, batetik eta bestera. Aurreagoko batean, jaun exekutibo bilbotar bat eta baserriko gizon lezoar bat tokatu ziren egontokiko aulki zabal berean, hegaldi berberaren zain. Baserritarra, txapel eta guzti, erbi loan; bilbotarra, lepoa tente, bere jantzirik ederrenean… Orduan ere, astia nahi baino gehiago biek egonean egoteko. Delayed orduan ere, baldinbetan… Esnak loari tamaina hartu nahi, nonbait, eta, lotsa ipintzeko edo, joko bat proposatu zion, ziri eta koipe, bizkor ustean:

̶  Ezagun da ez zarela zu edozein; ikusten da argia zarela. Denbora pasa polita badakit, nahi bazenu. Nik galdera bat egingo dizut, eta zuk, erantzun zuzena asmatu ezean, bost euro emango dizkidazu. Gero hurrena zeuk egin galdera niri, eta, ez badakit erantzuten, bostehun euro emango dizkizut; bostehun!, atera kontuak. Elkar neurtuko dugu hala, denbora pasa, astiari eta aisiari jarrita.

Lezoarra lo gose zen. Hala ere, arrotz harekikoak lehenbailehen amaitzearren, prestatu zen, bai, jolas-ziri zirudien hartara. Eta jaun exekutiboak:

̶  Zein da lurraren eta ilargiaren arteko distantzia? ‒egin zuen galde.

Baserritarrak erantzunaren arrastorik ere ez noski eta, poltsikotik bost euro aterata, jaun dotoreari entregatu zizkion. Bere txanda zen. Eta:

̶  Zein da ‒galdetu zuen‒ mendi bat hiru hankatan igo eta lau hankatan jaisten duena?

Eta lotara jarri zen. Exekutibo bizkaitarrak, berriz, azken modako tableta piztu, sarean sartu, inon direnak eta ez direnak kontsultatu, lagun mordo bati emailak bidali eta goiak eta beheak denak harrotu zituen ahalegin… Ez alferrik. Ez zuen inondik arrastorik atera. Ez zuela etsia hartuko zirudien, baina, ia ordubeteren buruan, amore eman behar izan zuen horratik eta, lezoarra esnatuta, bostehun euro entregatu zizkion eskura.

Hori-arrosa koloreko hamar billeteak poltsikoan barrena gorde eta, «Uso txuria aidean, ederragoa mahaiean» kantu-marmarrean, lo-kuluxkarako erdi etzan zen ostera baserritarra. Jaun Bilbokoa, aldiz, batere konforme ez zegoen, nolatan ba?, berak eragindako txandrio harekin. Eta bekoki ilunpean sudur zimurra jarririk:

̶  Aizu, gizon ‒esan zion txapeldunari, pazientziatik aterata‒; zein da, bada, mendia hiru hankatan igo eta lau hankatan jaisten duen hori!? Ea, esazu zeuk…

Lezoko baserritarrak orduan, poltsikotik bost euro atera, jaun exekutiboari eskura entregatu eta lotan jarraitu zuen lasai ederrean, harik eta bozgorailuetatik beren hegaldia anuntziatu zuten arte. Bien bitartean, bistan da, Bilboko bibo usteko baboak ez zuen atseginik izan, kolerak erauzirik. Haren tripa jateak, auskalo noiz artekoak…!

Bizargorri, 2013-08-14

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


agosto 2013
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031