Inauteriak herrietan, kirtenkeriak berrietan…, ni ere ez naiz motz geldituko lotsagabekerietan, matxismoaren mozorro-ferietan, gordin, lizun, narrats. Behingoagatik, barka… Andereñoak aurkitu ditu jolas garaian bi ume eztabaida sutsuan… Lasaitu ditu eta, ondoren gero, galdetu die ea zertan zetzan arazoa. Eta mutikoak, Txominek: «Ande, ni hau baino gazteagoa bai, baina bizkorragoa ere banaiz. Zergatik, hortaz, egon behar du honek hirugarren mailan eta nik lehenengoan, e…!?». (Aspaldiko eztabaida, bestalde).
Andereñoak, asmatu ezinda, jo du zuzenean zuzendari jaunarengana, besteren behatzekin zapoa zulotik atera nahian. Eta zuzendaria konforme: egingo omen diola mutikoari test bat bere lekuan ipiniko duena eta deitzeko Txomin horri, enteratuko dela-eta bizkorkiloa halakoa. Etorri da eta: ea zenbat diren 3 bider 3; 9 direla, jakina; eta 6 aldiz 6? 36, noski… Eta hala, ordu betez kasik, egin dio Txomini hirugarren mailako ikasle on batek jakin beharreko galdera mordoa Matematikaz, Hizkuntzaz, Geografiaz, Ortografiaz eta abarrez.
Eta ume bizkorrak, batere okerrik gabe, erantzun guztiak zuzen eman! Hirugarren mailarako balekoa iritzita, adierazi dio hala andereñoari. Honek, ordea, badaezpada, bestelako galdera batzuk ere egitea gustatuko litzaiokeela, Baietz, ados, bai zuzendaria eta bai Txomin bera ere. Hasi da galdezka maistra:
—Zertzuk ditu behiak lau, eta nik bi bakarrik?
—Hankak, andereño -zalantza izpirik gabe Txominek.
—Zertzuk dituzu zuk zure galtzetan, nik nireetan ez dauzkadanak?
(Hasi da zuzendaria, galtza bete ipurdi, aulkian mugitzen, lotsatzen…).
—Poltsikoak.
—Zer sar daiteke andreen erdi-erdian, baina senar baten atzean soilik?
(Zuzendaria, harri eta belarri eginik, ez da arnasa hartzeko ere gauza…).
—“r” letra, andereño.
—Eta non dute emakumeek beren ilerik kizkurrena, kiribilena?
(Zuzendaria, begiak arranpalo, kinu, keinu eta muxin, kezka bizian…).
—Afrikan -Txominek istant batean erantzun.
—Zer da, berez biguna izaki, andreen eskuetan gogortzen dena?
(Zuzendariak begiak biak dagoeneko gelako sapaian dilindaka…).
—Azkazaletako berniza.
—Zer dute emakumeek bi hanken erdian?
(Zuzendaria, sinetsi ezinik, jo-ta-poto total, guztiz ardura handian…).
—Belaunak –Txominek istanteko.
—Eta zer du andre ezkondu batek zabalago, andre soltera batek baino?
(Ai ene, zuzendari jaunaren matrailaren kolore gorriak, izuzko larrian!).
—Ohea.
—Eta zein izen du “u” letraz hasi eta “o”-z amaitzen denak, borobil zimur zikinez maiz zuk eta biok eta denok atzeko aldean daramagun zerak…!?
(Horra zuzendaria, kaka baino beldurrago, begi biak irtetzeko zorian…).
—Ukondo, andereño –Txominek, axeri bihurri–. Baita uzki-zulo ere.
Zuzendari jaunak, orduan, katua elorrian bezain estu eta larri zelarik:
—Lehenengo mailatik hirugarrenera igo, diozu? Eramazu bizkorkilo hau bosgarren mailara eta noan ni lehenengora, ez dut-eta galdera bat ere asmatu!
Bizargorri, 2019-02-27