Egunotan, guaxapa joan eta teleberria etorri, “hombres de bien” ahobero espainiarrak jendea armez armatu beharraz entzun ditudanean (berak bakarrik daude munduan “onezko” eta “gizon”), antzina zaharreko tenplarioak etorri zaizkit belarritik sudurrera, susmoan. Izan ere, tenplario haiek turko, sarrazeno eta moro oro, kristau ez izateagatik, akabatzeko gerturik zeuden bezala, politikari neonaziok (eskuin-estadista-español.es) prest bide daude komunista edota abertzale guztiak paretik garbitzeko, gorri eta traidore izateagatik.
Bestalde, berriz, egunotan oheburuko liburu Xabier Azurmendi zenaren «Atzoko Zegama» daukat, Eusko Ikaskuntzak 1997an argitaratu zuena. (Liburu gomendagarria, zin-zinez; euskaldun guzientzat, oro har, eta Gipuzkoako goierritarrontzat, batik bat. Bilketa-lan eskerga bezain eskergarria). Bada, horixe irakurtzen ari nintzela, bart hara non agertzen zaidan ezustean tenplarioei buruzko ataltxoa: “Tenplarioen urratsak Zegaman”. Tenplarioak Zegaman…? Duela zazpiehun urteko kontuen oihartzunak oraindik ahotik ahora gure artean…!? Hara begira begi batekin eta sarera bestearekin, labur badarik ere, gizon haien historia kontatu nahi dizut, interesgarria gertatuko zaizulakoan.
1118/19an Hugo de Payens-ek sortuak, gerra jarduera zeukaten monjeak edo fraileak ziren. Gurutzaden garaian, batez ere Ekialde Hurbilean (Jerusalem, Palestina, Siria…) kokatu ziren, bertako musulmanen aurka erromes kristauak babesteko. Frantzian ere ez ziren gutxi. Gerora, baita Aragoan eta Nafarroan ere (Gares, Funes, Garazi…). Ordena hau Erdi Aroko erakunderik aberatsena izatera iritsi zen, antolamendu administratibo oso onarekin; gaurko bankuen antzekoa. Lur zabal askoren jabe, ondare handiren jaun bilakatu ziren… Harik eta, denborarekin, 1312an Klemente V.ak bula baten bidez Ordena desegin zuen arte. Agidanean, zigor latzak jasan zituzten askok: burdin, su, desohore, herio…
Gure lurretara etorriz, apaizak omen ziren Euskal Herriko tenplario gehienak ere, gerrarako prestatuak. Ordena aberatsa bazen ere, luxurik gabeko bizitza egiten zuten, antza, gudari bezainbat otoitzari emana. Hemen hauetan, Done Jakue bidea egiten zuten erromesei eskaintzen zieten babesa, mendiko bidelapur eta animaliei aurre eginez. Oraindik gaur egun ere aurki omen ditzakegu haien arrastoak Eunaten, Seguran, Argandoñan eta… Zegamako Santi Espiritu deitzen den ermitatxoan! Ermita hori San Adrian (Sandrati, Santa Tria, Santa Trinitate) koba-zulotik bostehun metrotara dago, nondik irago izan diren erregeak, printzeak, gudalosteak, bidelapurrak, iheslariak, erromesak…
Kristau elizkoi “zintzo” izango ziren, akaso; “onezko gizon” haiek ere; baina hemen gurean ez zuten batere fama onik izandu. Diruagatik edozein hiltzeko gai omen ziren; maltzurrak eta gaiztoak izaki, pelegrino gaixoei lapurretarik beltzenak egiten omen zizkieten; Zegama inguruko zaharrek eta artzainek kontu franko kontatzen omen dute “fraile gudari haien judaskeriez”. Ikusi, bestela, Xabier Azurmendik jasotakoa zegamar bati, ahotik papelera:
«Santi Espirituko frailea. Aratz azpiñ, oañ arrik daren bezela, lênao mea o burni-gai pusketak mentzeren… Beiñ, olagizon bat ai mentzan burnie biltzen… Santi Espituko pralle’atek ori ikus tzonen, aballan arri’at ipiñi ta tiau, jo burun da seko utzi mentzon gizona. Fralle ok etzuen errukik pobrekin. Espitu Santuko prallek txarrak mentzien».
Bizargorri, 2019-03-27