BODA AURREKOAK. Ezkontza guzti-guztiak izan ohi dira bustiak (“topa!”); eta, den-denak ez bada ere, gehien-gehienak behintzat bai xelebrekeriaz josiak, goiz-goizetik gau-gaueko goizaldera; zer esanik ez horretatik aurrera… Bat badut, eztei, boda edo ezkontza, aspaldiko partez kontatzeko; etxetik auzora kontatzeke. Ez, jakina, hasi eta buka, xehero-xehero; hainbeste denbora joanean, memoriak ez duelako zehatz eta mehatz askorik gordetzen bere baitan, ez aste eta ez jaitan…
Orain dela berrogeita lau urte ere, ekainaren 29an, “San Pedro” markatzen zuen egutegiak hemen hauetako herri guztietan… Egun huraxe izaki ezkontzarako seinalatua, eguzkia esnatzen hasi aurretik ere tarrapatan hasiak ziren, hau-ta-hori-ta-hura, bi etxeetan: Ormaiztegiko Tellerin, senargaiarenean, batean; Urretxuko Jauregi kalean bestean, andregaiarenean. Dutxak (zeukanak), gosariak, plantxa-lanak, ile orrazketak, oinetakoei dist eragiteak, egitekoen partiketak, ardurak, sartu-aterak… Hura zen, hura, zalapartaren aparta! Den-denak ere dotore-dotore nahi; eta ez, agian, nahi-beste hainbeste gai… Aholkua bati, errieta besteari; oniritzia honi, irri-bihurri hari…; orduak goizekoak aurrera eta, ez nahi baino lehen, heldu zen eguerdian bakoitza bere etxezulotik boda-toki hautatura derrigor abiatzekoa: hain zuzen ere, Zumarragako Antioko Ermitara, zahar bezain ederrera.
Ormaiztegiarrek nobioaren aita Sebastianen auto zahar handia apain prantatu zuten: lore-sortaz kanpotik, usain eztiz barrutik. Anaia Joxeluis kaskamotza (soldaduskan baitzen artean) gidari, aita gidarikide eta ezkongaia amarekin (amabitxi zeramanarekin) atzean zirela, laurak abiatu dira, ustez garaiz, ustez ezusteko guztietatik salbu, Zumarragarantz… Alegi pasa, Santaluzi pasa eta Eitza barreneko gasolindegi parean zer?, eta… guardia zibilen kontrola. Alto!
Beharko gelditu… «Documentación del coche; permiso de conducir; carnet de identidad…». Guardia zibiletako bat, paper-dokumentuak hartuta, joan da patxadatsu, beren auto-furgoira… Denbora aurrera, aurrera, eta ausartu dira esatera ezkontzera zihoazela, ageriko zenez (begiratzeko loreak, korbatak, trajeak…), eta bizkortzeko mesedez, ordurako berandu zutela eta oso… Ez alferrik: ezta kasurik ere. Itxoiteko. Urduria, kezka, marmarra, ezin egona… Halako batean, itzuli da paperekin guardia zibila, banan-banan aurpegietara begiratu die denei (senargaiari batik bat, “fitxatua” zeukaten eta lehendik) eta atzera berriro furgoira… Ordu erdi luzea pasa ondoren, irri-murritza eginez: «Pueden ustedes continuar». Baita agudo asko irten ere handik laurak, suak hartuta, tximistaren pare…
Tximistaren pare eta / haserre su baten,
ez zegoen erraza / hura eramaten:
«Ea gonbidatuek / gupidan gauzkaten…».
Noski, andregaia-ta / denak tripa jaten!
(Jarraituko du…).
Bizargorri, 2019-04-24