IKIGAI | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

IKIGAI

Hitz euskalduna dirudien arren, ez da; japoniera omen da. Japoniarren esanean, munduan bizi garen guzti-guztiok ba omen dugu “ikigai” bat; hau da, existitzeko motibo bat, izateko arrazoi bat, bizi zio bat (Kontuz ibili, bizi-zio eta bizio arrunt gauza diferenteak dira eta). Zorioneko ikigai delakora garaiz jotzen omen dute batzuek; beste zenbaitek, aldiz, barrenean eraman arren, urte asko eta asko bete eta bete arren, ez omen dute egundo topatzen. Ikigai hori omen da bizi luze, gazte eta zoriontsuaren sekretuetako bat: Okinawa irlan denek dute ezagun eta han bizi da jendea gehien, luzaroen. Has zaitez zure ikigaiaren bila.

Bat. Zabiltza beti eginkor; ez zaitez bazterrera erretira. Maitatzen eta egiten dituen gauzak alde batera uzten dituenak, bere bizitzaren muina galtzen du. Jubilatuta gero ere, garrantzitsua da zernahi baliotsu egitea, aurrera jotzea, gure mundu koskor honi balioko izanez, ederra banatuz, laguntzak emanez…

Bi. Zabiltza soseguz. Bizi-kalitatearen alderantziz proportzionala duzu presa, zalaparta itoa. Tipi-tapa astiro, ohi gara tontorrik goreneraino igo. Larritasunak atzera utzi ordukoxe hartzen du denborak eta biziak bere xarma.

Hiru. Ez jan ase arte. Luze bizi nahi bada, elikaduran “gutxiagoak dakar gehiagoa”. Ehuneko laurogeia omen da lege: gosea ez ase ehundik ehunean.

Lau. Har itzazu zure inguruan lagun onak. Kezken sendabelarrik onenak dira. Astungarrien aringarri, hitz egin, xelebrekeriak kontatu, aholkuak eskatu; elkarrekin jolastu, dibertitu, amestu…, bizi. Zaude haiekin adiskide bero.

Bost. Sasoian jarri zaitez zure hurrengo urtebetetzerako. Ura, egonean egon gabe, ibili dabil, joanean doa; geratuenean, malo! Egunero behar du zure makineriak ere ibiliren bat, luzaz biziko bada. Gainera, gauza jakina den gisan, jarduerak (ariketak, ekinaldiak, tipili-tapalak), edozein eratakoa delarik ere, zorionaren hormonak jariatzen ditu. Zaude, hortaz, ibilirako beti pronto.

Sei. Zabiltza irribarretsu, arren. Planta atseginez ibiltzeak, adiskide gehiago eragitea ez ezik, norbera ere lasaiagotzea eta eztiagotzea ohi dakar. Ondo dago gaizki dauden gauzez ohartzea eta arduratzea, baina unean uneko egoera neurriz gain zapuztu gabe, orain eta hemen konponbide anitzez betetako mundu bat bakarrean gaudela ahaztu gabe. Gauza onik ez baitakar sekula hortzak mingainarekin liskartzeak.

Zazpi. Bat egin ezazu berriro naturarekin. Andre-gizon gehien-gehienak hirietan bizi badira ere, ama naturak moldekatuak gara eta, nahitaez, berarekin bat egiteko gaude. Maizki berarengana itzuli beharra dugu gure arimak bizi-arnasarik izango badu.

Zortzi. Izan zaitez esker oneko. Zure aurrekoekin, arnasez eta janariz hornitzen zaituen naturarekin, bizilagunekin…, egunez egun bizidun zoritsu sentiarazten zaituen zera ororekin. Egunero istant batez jar zaitez eskerrak ematen eta zoritsuago sentituko zara.

Bederatzi. Ez iraganaren damurik izan, ezta geroaren beldurrik ere. Gaur eguna da, lehor ala bustia, daukazun guztia. Balia ondo, ez ahazteko egundo.

Eta hamar. Bizi-min bat bada zugan, zure egunei jo-muga markatzen diena, zeure onik onenak eraginez. Oraindik ere topatu ez baduzu, zoaz bila, bada-eta garaia. Hobe delako zaharretan ikastea, inozo txaldan hiltzea baino.

 

Bizargorri, 2019-10-23

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2019
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031