Aspaldi bidali zidan dama donostiar txit estimagarri batek emaila argazki harrigarrizko batekin: lau pertsona ageri ziren oinez tipi-tapa, musulmanak inondik ere jantziagatik, gizaseme bakarra aurretik zihoala eta haren atzetik bost bat metrora, ilaran, hiru emakume, burutik oinera osoro jantziak (esan nahi baita bilduak, estalduak, gerizatuak, aienatuak). Eta gertakari bitxia kontatzen zidan damatxo lagunak.
Aurretikoak aurretiko, mila bederatziehun eta laurogeita hamarreko hamarkada osoan, fundamentalismoa gailen zen, eta lege, Afganistanen. Jakina da: talibanak, gerrako jauntxoak, burkak, droga-soroak eta komeria… Garai hartan Barbara Walters izeneko kazetariak Kabuleko ohiturez eta rolez idatzi zuen esanez, esaterako, andreak beren senarrarengandik bost pausutara ibiltzen omen zirela kalerik kale,bidez bide, paseoan.
Gero, OTANen interbentzio indartsuaren ostean, hauteskunde demokratikoak egin ziren 2004ko urriaren 9an (hara!, gaurko egunez, hortaz), eta Hamid Karzai atera zen Afganistango presidente. Jakina da esku bete lan eta galtza bete arazo izan zuela ondorenean egoera arrunt bihurria kontrolatzen: ustelkeria, droga trafikoa, kartzeletako torturak, talibanen tema tematia… Baina hori guztia beste aker baten adarra da.
Gauza da, nire damatxoaren arabera, Barbara Walters bera, denbora asko ez dela, atzera Kabulera joan omen dela. Han zer ikusiko?, eta oraindik ere andre asko eta asko gizonaren atzetik, tipi-tapa, bost bat metrora, bidez bide! Zeharo harriturik, hala esan ere esanik izango zion andretako bati: ea zer demontregatik segitzen zuten antzinako ohitura hartan, hainbat urtean hainbat borroka kontra egin eta gero; ea zer arraiogatik zebiltzan oraindik senarraren atzetik hala.
Begira jarri omen zitzaion andrea begietako sarearen atzetik, eta hala erantzun omen zion, ez dakigu gaiztoz ala gaiztoagoz, kabulalubak:
̶ Lur-zoruko minengatik.
Bizargorri, 2013-10-09