>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

TITULUA TA TARATULUA

Taratulua zurari zuloak egiteko tresna duzu; egurra, zulatuz-zulatuz, jateko arotzen erreminta. Esate baterako, hartzen duzu taratulua, jartzen zara sukaldeko mahaiaren aurrean, eragiten diozu erremintari eta, hemen zulo han zulo, haltzaria geratzen zaizu nulo. Pipi temati madarikatuak jan izan balizu bezalaxe.

Bestalde (niri, bederen, bai; eta zuri ere halatsu, egingo nuke), zein lan, zein ofizio, zein ogibide dugun hautatzen geuretzat, joaten garen lantegi edota enpresan titulua eskatzen, exijitzen digute. Eta ez edozein titulu, berariazkoa baizik, propioa, lanari berez dagokiona; lanaren kategoriaren araberakoa, gutxienez. Zoaz, mediku lana egin nahi zenukeela-eta, ile-apaintzaile tituluarekin; bidaliko zaituzte haizea hartzera agudo.

Bada, titulu ta taratulu, zenbait jaun handiren kasuek hartaratuta, honako oharrok jasotzen jardun dut egunotan lehiatuki. Laboral Kutxan, adibidez, sartzeko Enpresa Ikasketan, Zuzenbidean edo Ekonomian lizentziatu behar omen da izan, arruntean; halere, Mondragon Taldeko Buru sikologo tituluarekin egin zen Txema Gisasola; Fagor Elekt. Taldeko Zuzendari Nagusi, arte ederrekin (sic!) Sergio Treviño. Urkullu Lehendakaria bera, berriz, Musika Irakasle da, nonbait, eta txirula-mirula jotzen omen du. Patxi Lópezek industria ingeniari omen zela ipini zuen bere curriculumean, baina gezurra da. Politikan, izan ere, ez da inolako titulurik behar; taratuluarekin, aski.

Erreminta ederrak eginak daude gure jauntxoak (politikoak izan ala ez), erreminta ederrak eginak daudenez, errejudas! Gutako edozeinek halako hamar eta bat gehiago kobratzen dute malapartatuek hilero. (Ikusi al dituzu prentsan-eta ateratzen ari diren soldatak!?). Gutako edozeinek berrogeitaka urtean kotizatuta baino hamaika aldiz gehiago erretiratzen dute erretirora haiek, lau urte soil figuratuta. (Ikusi al dituzu hor zehar dabiltzan emailetan zer nolako dirutzak daramatzaten!?). Zeinek baino zeinek gehiago. Porru-jorra ederrak ateratzen dituzte …-ek (kalifikatiboa zeuk ezarri).

Eta langile arruntaren etxean mahaia erdi hutsik bitartean. Erdi hutsik, oraintsu arte; krisiarekin, hutsikago. Eta zeintzuk ote diren krisia luze temati gorri honen zergatia, kausantea, sorburua? Mandoak, baldinbaitere! Mandoak, kuanto, izan politikari, izan bankari, izan jauntxo zuzendari, izan… Eta, jakina, mandoa beti antzu.

Titulurik gabeko jauntxoek taratuluak banatuak dituzte beren artean, isilka. Zertarako? Bada, gure sukaldeetako zur zaharreko mahaiak raka-raka, eraginez-eraginez, zulatzeko eta jateko. Eta erabat jan digute ia oraintxe, pipi madarikatuak jan izan baligu bezalaxe. Lasai ederrean harro demonio dabiltza gainera, gure ezinak bost axola dielako, besteren minak negarrik ez duelako. Errukarri gaude; errukienak dira!

Bizargorri, 2013-11-20

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


noviembre 2013
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930