TXISTE-TXAPA DA GUAXAPA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

TXISTE-TXAPA DA GUAXAPA

Txiste-txapa, kuanto, WhatsApp-a (txapa, kalaka, tabarra, alamena, lata). Betidanik hala izan da, noski; baina, lehenaz gain, areagotu egin da koronabirus garaiotan; hain zuzen ere 2020an, bi aldiz 20an, hala kasualitatez tokatu delako. Euskaldunon zenbakeraren oina hogeinakoa da: berrogei, hirurogei, laurogei, bost-hogei. Bai, bost-hogei ere erabili izan da; baita hogei-aldia ere, hiru asteko tartea adierazteko… Eta, COVID-arekin lotuz, hogei aldiz hogei, laurehun gau eta egun  baino gehiago badarama dagoeneko gurekin: 2020, aurtengo urte malapartatua.  Hogei-aldia, berriz (etxealdi/itxialdi), hiru astekoa ez, hiru urtekoa ote dator!? Horren harira, hona nire guaxapeko txiste bitxi edo albiste pitxien sorta bat…

 

Zorionekoak pandemia garaian kalerik kale, festarik festa, zurrut eta purrut dabiltzanak, aurki dute-eta Jainkoa aurkituko! (D. A. Maradona hil berri).

 

—Kontxi…! Hemen naiz…

—Nolatan, gizona…!? Zer dela-eta zu hemen etxean horren goiz…?

—Hauxe delako zabalik topatu ahal izan dudan bakarra!

 

Antzina, Tutankamonen hilobia zabaldu zutenean, arkeologoak poliki-poliki, banan- banan, hiltzen-hiltzen hasi ziren… Iaz Franco atera zuten bere hilobitik… Nik ez dakit ezer…; aipatu besterik ez dut egiten…; hor konpon…

 

—Laztana, ni azkarra naizela uste al duzu; buruz argia, alegia…?

—Bai; baina asintomatikoa.

 

Koronabirusaren proba norberak egin ahal izateko jarraibideak eskaini zizkidaten herenegun: «1., atera baso bat ardo eta saia zaitez hura usaintzen. 2., usaina hartu badiozu, jo tragoxka bat, ea dasta dezakezun. 3., usaindu eta dastatu ahal izan baduzu, pentsatzekoa da zuk ez daukazula COVIV-19rik»… Atzo ilunabarrean bederatzi aldiz egin nuen proba eta denetan negatibo eman zidan; zorionez. Gaur goizean, ordea, kaskarreko min pixka batekin esnatu naiz eta gaisotasunaren sintometako bat izan daitekeenez, noski, gaur iluntzean ere, badaezpada, berriro egin behar ditut bederatzi testat. Nerbioak airean nago…!

 

Aurki poliki-poliki, astiro-astiro, irekitzen-irekitzen hasiko dira elizak eta motelak… Bien bitartean, arren eta otoi, pazientzia erregutzen zaie, egonarria!, hala kristau leialei nola bilau desleialei ere.

 

Konfinamenduaren ondoren, lehen-lehendabizi itsusiak aterako zarete kalera, plazara, tabernara; zomorro malapartatua uxatze aldera, baldinbaitere!

 

Post data: WhatsApp ingelesa bada, zergatik datozkit txiste guziak gaztelaniaz? Zergatik ez euskaraz? Euskaldundu dezagun guaxapa: zuk, irakurle, mesedez, bidali txiste hautakoren bat (edo bi) zure lagunen bati (edo biri). «Gatz eta hats emaiogun euskaldun tankeraz, geroak izan dezan Wua-Txapa euskeraz!».

 

Bizargorri, 2020-12-02

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2020
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031