ANDREA ETA GIZONA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ANDREA ETA GIZONA

Ezkonberri xamarretan… Saltoki gune handi batean orduak daramatzate biak jira-biran. Halako batean, andrea ohartzen da senarra falta zaiola. Haserre, sakelakoa hartu eta deitzen dio, ea non demontre dabilen, dedio…! Eta gizonak: «Gogoan al duzu orain urte gutxi hementxe bisitatu genuen bitxi-denda, zuri hainbeste gustatu zitzaizun diamantezko eraztun harena, orduan guk iritsi ezin eta egunen batean erosiko nizula agindu nizuna…?». Eta emazteak, emozioan ia negarrez: «Gogoan izango ez dut, ba, bihotzeko laztana! Ai, ene…». Eta hara senarraren erantzuna: «Ba…, haretxen aurrez-aurreko tabernan nago».

Ezkondu eta urteetara… «Ezkondu eta hogeita hamar bat urtera, halaxe esan nion, garbi asko, nire andreari. “Maittea, orain dela hogeitaka urte asko, etxebizitza alokatu batean bizi ginen, auto merke ziztrin batean ibili ohi ginen, sofa xahar baten gainean lo egiten genuen eta hamalau hazbeteetako txuri-beltzekoan ikusten genuen telebista… Lo, ordea, hogeita gutxi urtetako neska gazte xarmant batekin egiten nuen gauero lo! Orain, berriz, etxebizitza bikain bat daukagu, auto eder bi, ohe zabal zoragarri hiru eta plasmako pantailarekiko telebistak lau… Lo, ordea, hirurogeitaka urteko atsoaren ondoan egiten dut lo! Hemen zer edo zer ez dabil ondo, zure aldetik…”. Sen zorrotzeko beti, ez baita egundo izandu kamutsa: “Zu zoaz –erantzun zidan gure atsoak– hogeita gutxi urtetako neska xarmant baten bila, ni arduratuko naiz-eta pisutxo alokatuan bizi, auto merkean ibil eta sofa xaxtar batean lotara zaitezen”. O…!».

Ezkondu eta berrogei bat urtera… Etxekoandrea patioan, baso bat ardo hartzen ari da, astitsu eta pentsakor, senarraren ondoan exerita; eta, halako batean, esaten dio: «Hainbeste maite zaitut…, hainbesterainoxe! Zu izan ez bazintut, ene!, ezin izango nukeeen honenbeste urte bizirik iraun eutsi onean». Senarrak, orduan, andrea aspaldiko partez ezti jario zurikaziotan ikusita: «Zu zeu ari zara, ala ardoa ari da hizketan…?». Eta: «Ni neu naiz, bai, ari dena; eta ardoari ari natzaio hizketan».

Hil ondorenean… Hona hemen mundu guztian famatuak bilakatu diren bost arauak, gizasemea bizitzan zorionekoa izan dadin. Utah-ko W. Larsen zenak ipinarazi zuen, agidanean, bere hilobiko harrian zizelkaturik; geroztik munduan bisitatuena omen den hilobian.

1.- Inportantea da, oso, etxea jasoko eta etxean lagunduko eta etxeko otorduak noizbehinka prestatuko dituen andrea, lanbideren batekin, izatea.

2.- Inportantea da, oso, irribarrea eragiten dizun andrea izatea.

3.- Inportantea da, oso, gezurrik esango ez dizun andre fidagarria izatea.

4.- Inportantea da, oso, ohean ona, zurekin egon nahi duen andrea izatea.

5.- Inportantea da, oso, oso…!!!, arestian aipatutako lau andre horiek elkarren ezagutzarik ez izatea; bestela, hilik buka baizenezake, nik bezala.

(Honaino Larsenen bost arauak… Onean, akaso, hor “andrea” datorren tokian “gizona” edo “senarra” jarrita ere, igualtsu funtzionatuko lukeelakoan nago, emakumearen kasuan… Baina hori ez da nik esatekoa…).

Eta honen guztiaren buru, oin eta bizkar-hezur, andrearekiko gizonaren harremanetan sekula santan ahaztu ezina, jakintsu batek aspaldi esana, hahor: «Zure barrabiletan eltxo bat pausatzen denean, argi eta garbi konturatuko zara, zinez eta minez konturatu ere!, dena ez dela biolentziarekin konpontzen».

Bizargorri, 2021-01-06

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2021
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031