HAMAR EGIA ETA BAT GEHIAGO | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HAMAR EGIA ETA BAT GEHIAGO

Duela hamar hilabete doi-doi jakin genuen, koronabirus malapartatu bat zela medio (artean izenik ere apenas genekien garaian), etxean itxian mantendu beharko genuela derrigor, konfinamenduan, beste inora gabe, auskalo noiz arte. Harrezkero, lehenaz gain, hamaika aldiz gehiagotan hasi ziren etxerik etxe sare sozialetako guaxap, txiste, bideo, iruzkin eta abarren abarrak. Trumilka…! Niri, guztietatik, bat geratu zait betiko gogoan: Hamar egiena. Hamarrak egia handi direlako, esanak esan, hemen bezala Ameriketan ere. Goza… Zoaz poliki…

Lehena. Ispilurik gabe, ezin ikusi dituzu zeure belarriak.

Bigarrena. Zuk ezin duzu jakin zenbat ile dauzkazun.

Hirugarrena. Arnasarik ezin dezu hartu sudurretik, mingaina kanpoan duzula.

Laugarrena. Oraintxe saiatu zara 3. egiten, egiaztatzen.

Seigarrena. Hirugarrena egiten saiatu zarenean, egin daitekeela egiaztatu duzu. Bai, horixe; baina, zuk zakur-itxura hartzea nahi nuen nik…

Zazpigarrena. Orain, berriz, irribarrez gelditu zara, adarra ederki asko jo dizudalako.

Zortzigarrena. Oharkabean, bosgarrena atzean hutsean utzi duzu.

Bederatzigarrena. Atzera joan zara, begiratzera, konprobatzera.

Eta hamargarrena. Izan dezazula egun on! Eta, orduen joanean, ez ahaztuta atzera utzi zure oraintxeko irribarre ezti gozo hori!! Itxeki, eutsi horri…!

 

Eta gaur, hilak 13, egietan egiarik handiena oraintxe airean gertatzen ari dena da, agidanez. Tripulazioaz gain, lau errukarri doaz Londresetik New Yorkera sekretupean: Lionel, Donald, Frantzisko eta Enara. Errukarriak laurak, abioia aberiaz zuzen baitoa urpeetara, eta hiru paraxut besterik ez berentzat!!!

Lionel Messi da mugitzen aurrenekoa, esanez: «Maradona galdu berri, mundua ez dago, hain denbora gutxian, egungo futbolaririk onena ere galtzeko tenorean. Munduak behar nau; Bartzelonan ez bada, Amerikan». Eskura zegoen lehen motxila hartu eta dzzzaup! saltatzen du hegazkinetik. Hor zijoak…!

Donald Trump da bigarrena. Ez da isilik egotekoa, noski, eta aho beteka zalapartan esaten du: « Etxe Zuritik bota nahi nauten arren, Twitterren kontua itxi didaten arren, impeachmenta hasi duten arren, jakin beza munduak: ni naiz Amerikak izan duen Presidenterik bizkorrena, argiena. Amerikak behar nau!». Ondoko beste motxila hartu, jantzi eta dzzzaup!, salto. Hor zijoak…!

Hirugarrena, Frantzisko aita santu berbera izaki, hala mintzatzen zaio errukitsu laugarren bidaiariari, hamar bat urteko neskatilari: «Alabatxo, ni oso zaharra nago dagoeneko eta ez daukat urte askorik aurrerantzean bizitzeko. Zuk bai, ordea. Beraz, nik bizia sakrifikatuko dut eta zuk har ezazu paraxuta. Egia, egia da eta ez dugu ezkutatu behar. Zoaz hegaldaka». Enarak, ordea, hara ustekabeko erantzuna: «Zaude lasai, aita santu. Bada zuretzat ere paraxutik, Ameriketako Presidenterik bizkorrenak eskolako nire motxila hartu baitu».

Egia esan, Donald Trumpenak gaur bertan egin du. Schwarzeneggerrek asmatu du: “Sayonara Baby”. Gaur zortzi ez daitezela haren zain egon Joe Bidenen kargua hartzeko saioan; ez da agertuko… 2024ko hauteskundeetara, berriz, bere alaba Ivanka akaso bai, baina aita Donald ez da aurkeztuko…. Nolaz, bada, Enararen motxilaz, dzzzaup-plossst!, galdu da-eta uretan gaur!?

Bizargorri, 2021-01-13

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2021
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031