Honako nire hiru bertsook abesteko, gaur San Sebastian eguna izaki, zein doinu hobea “Tarrapatatan danborra joaz” baino? (Bueno, barka, “Tarrapatatan bandoa joaz”; igualtsu dio…). Atzo bertan armairu zuloko maleta beltz pare bat hartu eta hango paper zaharretan topatutako bertso aspaldi-aspaldikoak dira; doinua bera bezain zaharrak; 1986tik 1988ra bitartekoak, agidanean…
Garai haietan tabernetan (ke, hots eta iskanbilez gain, musika-zarata handiegia izaten zen lagunartean kantari jarduteko. Gaur egun, aldiz, tabernan ezin gara kantura sartu, pandemia madarikatua medio, elkar kutsatzeko beldurrez. Beraz, bada, gaia, aspaldi hartan bezala orain ere, bale-baleko dator: kantu giroaren beharra. (Orduan gaupasa egitea libre zen; ez orain bezala. Hori beste gai bat da baina).
Lagunarteko kantu giroa
pizteko bada tenore,
tristura eta negar malkoak
izango dira gero’re.
Segi dezagun koadrilan kantan
ohitura zaharren fabore;
bertso doinuak isildu eta
hotsei emanez amore,
gure bizitzak ez du izango
behar adinbat umore.
Nonahi sartuta argi zoroak
iheska berde eta more;
zarata, berriz, egundokoa;
itotzeko lain bero’re…
Gure aurreko era zaharrean
moldatzen gara dotore:
ardo banakin kanta bihurtuz
pozak poz, penak dolore,
bestela gure bizitzak ez du
behar adinbat umore.
Baldin zeruko gauak ez balu
argi urrea ondore,
izarapeko epel gozoan
geundeke denok lo hobe.
Baldin lagunak elkartze honek
ez badu aski balore
ta estimatzen ez badakigu
goiz urratzean lau lore,
gure bizitzak ez du izango
behar adinbat umore.
Bizargorri, 2021-01-20