Gaurkoan lau pasarte barregarri, edo istorio graziazko, ekarriko dizkizut honako honetara, irakurtzen (ere) dibertitzerik ba ote dagoen probatze aldera. Alerik ere ez da neuk asmatua. Denak hor airean dabiltzanak dira. Emailez edo whatsappez jasoak ditut, izuz jasaten ari garen pandemia aldi luuuze aspergarri honetan. Zuk irakurri… Eta gero esan ea, pittin bat bederen, dibertitu zaren.
Kanadatik etorri zitzaigun notizia, denbora asko ere ez dela. Ez omen da gezurra. “Columbia Britaniarra” deitzen da hango mendebaldeko probintzia bat. Bertako osasun-agintariek, duela urtebete eskas, Covid-19aren garaietan harreman sexualak seguruagoak izan zitezen, aholku batzuk atera zituzten denen jakinera. Alegia, besteak beste, harreman sexualak izateko denboran muxukoa (muturrekoa, aho-sudurren tapakia) erabiltzeko ahaztu gabe; elkarri musurik ez emateko batere; eta gorputz guztia urez eta xaboiez ondo-ondo garbitzeko… Baina hori guztia, sinesgaitz xamarra izanda, aski normala egingo zaizu, beste honako aholku honen ondoan. Sexua egiterakoan, bi pertsonen arteko “hesi” nolabaiteko bat erabili beharra zegoela. Musuz musu eta azalez azal ez elkar ukitzeko, batak bestea ez kutsatzeko, aholkatzen zuten (aditu ondo!) horman zulo bat egitea eta bakoitza alde banatan ipinita aritzea azioan.
Aurreko Gabonetan, nazioarteko mugak zabalik xamar zirenean artean, Arrigorriagako gizaseme tente bezain tentel batek lortu omen zuen agidanean Suitzako Alpeak bisitatzea. Eskiatzaileentzako propio eraikitako hotel pinpirin kategoriko batean izena eman eta ostatu zuen hartu. Afal ostean, bapo, atariko ate inguruan denbora pasa zebilela, hara non bistaratzen duen kartel bat, egun haietako hango elurren baldintzak zehazten zituena. Hauxe jartzen zuen afixak: «Neuchatel, 12 zm., bigun. Lausanne, 18zm., labain. Schaffhausen, 15zm., irmo».
Arrigorriagako mutilak hura ikustean, aurpegian burla-haizea nabari zuelarik, txaketako bularraldetik boli dirdaitsua atera eta zera jarri zien hango “motzei”: «Koldo Luzaide, 24 zm., gogor-gogor, burdin ziria bezain».
Sexuaren kasuan (zakila gooora eta zakila behera; harroputza franko eta arren biolentzia barra-barra…), bada esaldi bat egunotan hamaika alderditatik iritsi zaidana. Asko gustatu zait. Barrez ipini nau lehendabizi; eta, hurrena gero, neuk ere mundura zabaldu beharrez (ez da komeni den tokira iritsiko, baina). Aspaldi zaharrean agure jakintsu txinar batek esana omen da: «Eltxo bat zeure barrabiletan jartzen zaizunean bakarrik konturatuko zara, berehala konturatu ere, dena ez dela biolentziaz konpontzen».
(Eta amaitzeko, etxezulo askotxotako kontua, isilean eramana). Badira jada 25 urte ezkondu ginela. Atzo, gure andreari begira, esan nion: «Laztana, duela 25 urte etxebizitza alkilatua geneukan, auto merkea; sofa batean lo egiten genuen eta 14 pulgadatako telebista ikusten, zuri-beltzean… Baina, gauero 25 urteko neska ilehori sexi batekin lo egiten nuen…! Orain etxe bikaina daukagu, auto dotorea, ohe zabala, plasmako telebista. Baina, 50 urteko atso batekin lo egiten dut…! Hemen, nire ustez, zerbaitek huts egin du zure aldamenean… Ala…!?». Gure andreak, zuhur erabatekoa izaki bera beti, honela erantzun zidan, liztor-mizto: «Zu zoaz, zoaz 25 urteko neska ilehori sexi baten bila; eta ni, ni neu arduratu naiz etxebizitza alkilatu batean bizi, auto merkean ibili eta sofa ohe batera lotara itzul zaitezen berriz ere». Eman zidan zer pentsatua…
Bizargorri, 2021-04-21