Ezagunak eta aipatuak izan ziren oso Madrilen, XIX. mendearen azken hondarretan, Emilia Pardo Bazán eta Benito Pérez Galdósen arteko ibiliak eta amodioak (a ze nolako karta zorrotz bero mordoa bidali zioten elkarri…!); baina hori guztia bezain aipatua eta ezaguna izandu zen ere bien arteko muturkeria eta herra. Nolako Peru halako Mari…. Behin, biak ere xaharkitu xamarrik zeudela ordurako, ustekabean, hara non egiten duten topo eskailera batzuetan. Gizona behetik gora zihoan arnas estuka eta emakumea goitik behera, jaisten hasi berri. Biak parera iristean, hala esanik izango zion damak:
—Adio, xahar alua! (Adiós, viejo chocho).
Ez zen, agidanean, Benito ergel motza eta Emiliak, eskaileretan behera pausoa bixkortu zuen arren, argi asko entzun behar izan zion erantzuna:
—Adio, alu xaharra! (Adiós, chocho viejo).
Garaitsu berean, 1894an hain zuzen ere, bisitatu omen zuen lehenbiziko aldiz Paris Knut Hamsun eleberrigileak (1920an Nobel Literatur Saria irabazi zuenak). Handik etxera itzuli zenean, eta beste ezer baino lehen, Parisen ikusiak eta bizi izanduak kontatzen hasi aurretik, zera galdetu zioten bihurri antxa:
—Eta…? Zure frantses horrekin batere arazorik izan al duzu, edo…?
—Ez –erantzun omen zien, bihurriago berak–. Frantsesek beurek bai.
Erroman behin Jorge Luis Borges elkarrizketatu zuten aldian, kazetari bat galde eta galde ari omen zitzaion gaiztoz, idazlea zirika estutu eta armindu nahian. Inola demonio lortu ezin, ordea, eta atzenean zazta bota omen zion:
—Zuen lurraldean, Argentinan…, oraindik ere ba al dabil kanibalik…?
—Ez; jada ez –erantzun omen zion Borgesek–; den-denak jan genituen…
Borges idazle honexek berberak, Buenos Aireseko Unibertsitatean Letrak eta Filosofia irakasten zebilen garaian, behingo batean ikasleetako bati William Shakespeare idazlearen obrari buruz galdetu zion, ea zer irizten zioen ba… Eta:
—Aspertu egiten nau, horra -ikasleak derrepente.
Berehalaxe, ordea, zertxobait zehaztu-edo nahi bada eta, gehitu zuen:
—Orain arte idatzi duen guztiak, behintzat, bai…
Borgesek, zipitzik ere malmetitu gabe, hala erantzun zion:
—Agian, Shakespearek oraindik ez du zuretzat idatzi. Onean, hemendik bost bat urtera-edo, bai.
Arthur Koestler idazle, kazetari eta ekintzaile politikoak ez zuen ulertzen beren idoloak ezagutzeko zenbait pertsonek daukaten premia grinatsua. Egun batean, bere miresle batek sutsuki agurtu eta komentatu omen zien lagunei:
—Hau duk foie gustatu eta antzara agurtzeko gogo bizia izatea bezala.
Alejandro Dumas aita, bere “Huts mingarria” liburua publikatu berritan, hurbileko ezagun batek bisitatu zuen, esanez:
—Tira! Titulu horrek zentzurik ez dik. Hutsa nola izango duk mingarri!?
—Nola ezetz? Ezagun duk, bai, inoiz ez duala buruko minik izan hik…!
Bizargorri, 2021-04-28