HOGEITA BIRA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HOGEITA BIRA

Behin mundura jaioak, haurtzarotik hasi eta hil arteko bitarte guztian, entzun behar izaten ditu hamaika esaldi potolo biribil, bere bizitzarako balio handiko izango omen dituenak, adituen esanean. Eta edozeinen ingurumarian bada aditu franko. Etxean amonak botako zizun bat edo beste, zirt!; eskolan maisuak bat eta beste, zart!; kalean edozeinek edozein egoeratan erakutsiko dizu zenbat dakien eta utziko zaitu zurt… Eta zer esanik ez, berriz, liburuetako orrietan barrena hasten zarenean lapitzez esaldi  bitxi politak azpimarratzen… Hamaika entzun, jaso eta apuntatu duzu, jakina, dagoeneko. Nik aste honetan bertan, hamaika ezezik, hogeita bi ere bereziki zuretzat apartatuak dauzkat. Ez denak dira nire begikoak; ea batzuk behintzat zuretzat baliokoak diren; ea pittin bat sikiera animatzen zaituzten…

1.- Atzokoaren damua eta biharkoaren izua lapur parea besterik ez da egungo eguna larrutzen eta lapurtzen diguna.

2.- Atzo egindakoaz oraindik ere ari eta ari bazara hizketan, gaur askorik egin ez duzun seinale, horra.

3.- Garaileak lagun asko izan ohi ditu; garaituak, lagun onak.

4.- Norberaren okerrik edo akatsik edo hutsegiterik handietan handiena da okerrik eta akatsik eta hutsegiterik alerik ere ez ikustea.

5.- Ez ezazu zahartzea min izan, askori ukatu izan zaion pribilejioa baita.

6.- Iragana, zer ikasia; gaurkoa, zer bizia; eta geroa, zer landua.

7.- Harrokeria duzu irentsi ezean intoxika zaitzakeen pozoi bakarra.

8.- Estropezua ondorengo ausazko erorikoaren abisua da.

9.- Tigrea eta lehoia basapiztiarik indartsuenak izan daitezke, beharbada; otsoak, ordea, ez du zirkorako lan egiten; ez horixe!.

10.- Zure ondasuna ez ezazula, gero, daukazun diruaren araberan neur; neur ezazu dirutan aldatuko ez zenituzkeen “zure horien” gorabeheran.

11.- Iragan den nire bizialdiko oker akats hutsegite guztiak ezaba ahal banitza, gaur egungo nire bizialdiko jakintza ezabatuko nuke arruntean.

12.- Nagiak hain geldi du bidaiatzen, ezen premiak agudo du atrapatzen.

13.- Egun on batek zoriona dizu ematen; egun txar batek, eskarmentua.

14.- Heltzen gara eta ontzen saminarekin, ez adinarekin.

15.- Egundo izan gabekorik nahi izanenean, egundaino egin gabekoa beharko duzu egin.

16.- Zorionekoak besteengandik deus ere espero ez dutenak, behin ere ez dira-eta desengainatuak gertatuko.

17.- Txitean-pitean dugu patu txar edo halabeharrarekin topo egiten, non?, eta harengandik ihesi hartutako saihesbidean bertan.

18.- Galtzetako patriketako aberastasunak ez du askorik balio, bihotzaren mamiaren barrenean pobrezia denean.

19.- Barkamena eskatzea azkarren gauza da; barkatzea, nobleena; eta nork bere buruari barkazioa ematea, jakintsuena.

20.- Jasotzen ari zarena gustuko ez baduzu, begira zer ari zaren ematen.

21.- Halabeharrak ditu kartak botatzen; geuk dugu partida jokatzen.

22.- Gaur = egun = gaur-egun… Beraz, GAUR da EGUNa, balioduna!

Bizargorri, 2021-06-02

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2021
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
282930