>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HAIZEZ IZORRA PUTZEZ ERDI

Auto aspaldikoa daukagunok urtero badugu bisita bat egin beharra, derrigor eta badaezpada, IAT edo ITV delakora. Urteen joanean, gutxi-asko, beti sortzen delako matxura ez bada higadura, edota kolpea ez bada ere kaltea… Tokatzen zaion aldiro, beste askok bezala, gure Patxik ere aurrez, derrigor ez baina badaezpada, Donostiako garaje izendun batera eramaten du bere Mercedes antigualeko bezain elegantea, ikusmira teknikoa egin diezaioten. Eta beti edo gehienean aurkitzen diote argietan ezpada kubiertetan, motorrean ezean balaztan, akatsen bat konpondu beharrekoa.

Bihar du ITV delakoa Patxik Irunen, atzo eraman zuen autoa kapitalera, gaur kontatu dit niri han ikustea eta entzutea tokatu zitzaiona. Merezi du jakitea, jakitea merezi duenez. Artean ez omen ziren goizeko hamarrak izango, garajera iritsi zenean. Enplegatu mekanikoa lanean ari omen zen zain eta muin, Jaguar ikusgarri baten sekulako motor tzarra desmontatzen. Egun on. Egun on. Itxaron pixka bat, mesedez… Hartan, zain zegoela, gizaseme dotore jantzia sartu omen zen autotegira. Egun on.

Ahotsa ezagutu, inondik ere, eta derrepente altxatu omen zuen burua langile mekanikoak motorraren zilindro buruko juntura gainetik. Diosala gogotsu itzuli eta gizon haren aurkezpena egin omen zion gure Patxiri. Hura omen zela, alegia, kardiopatia guztien sendatzailea, bihotzeko espezialista aparta, kirurgialari itzal handikoa mundu guztian… Gero, doktoreari presentazioa egin zion gure Patxirena, hau era bada-eta nor. Eta elkarri bostekoak eman zizkioten txeraz bezero biek.

Lehendabiziko ele-meleen ondoren, enplegatu mekanikoak, artean ere eskuak trapu batekin igurzten zituela (bat-batean ideia bitxia etorririk izango zitzaion-eta burura zast), zera galdetu zion mediku handiari, haixea hartuta bezala:

—Aizu, utziko al didazu galdera petral samarra egiten?

—Nola ez, ba? –medikuak–. Esan, gizona, esan…

Eta auto ikusgarri haren motor tzarraren ondora eraman omen zituen bezero biak. Eta, jainko ttikien mailara bera ere iritsia zelakoan, nonbait, zuka baina mailuka, hala esan omen zion mediku ospetsuari, ttentte:

—Begira iezaiozu honako motor honi. Nik neuk ireki diot bihotza, baita balbulak eta transmisio ardatza atera eta konpondu ere; nik neuk kokatu dut pieza bakoitza bere tokian egoki… Eta orain, horra, motorra badabil! Bizi-bizirik da autoa!

—Primeran –medikuak–. Baina zer esan nahi didazu horrekin…?

—Zer esan nahi izango dizut, ba. Zuk eta nik, funtsean, lan berbera egiten dugu. Antzeko parezido. Zergatik nik kobratzen dut kaka bat hilean behin, eta zuk diru mordoa noiznahi, handik eta hemendik? Zergatik, biok antzeko lana eginda…, e!?

—Batere ahal baduzu, saia zaitez zure lana motorra martxan dela egiten…

«Haizez izorra, putzez erdi» esanda bukatu zidan gure Patxik bere kontaketa.

Bizargorri, 2015-01-13

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2015
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031