Ibili behar duenak egotea kalte; eta alferra beti pentsatzen… Horixe gertatu zaio (askori askotan bezala, bestalde) gure lagunari azken egunotan: ibili egin behar bixkor, asteazkeneroko bloga edo artikulua idatzi nahi izanenean, baina…, goizean giro dagoela, eguerdian sargori dela, arratsaldean euria ari duela, gauean berandutxo izan daitekela…, pentsa eta pentsa pasatu ditu bezperako egunok, alfer-alferrik, ideien hutsaren zuloa betetzeko. Alegia, hotzarekin hozbera, beroarekin gelbera…, eta tximiniatik doan kea baino ere alferrago bera. Eta asteazkenak ez du hutsik egiten sekula, astero, bere garaian.
Gainera, gaur bertan gure lagunari gauza kuriosoa tokatu zaio. Goizero entzuten du Euskadi Irratia. Aurreko batean entzun zion esatari bati ez omen dakigula txoriak bereizten bakoitzaren kantaeraren arabera; analfabeto totalak omen garela horretan. Eta gaur (asteazken bezpera, arratsaldeko seiak, eguneko aterrune bakarrean; egia da, ni hemen nagoen bezala) gure lagunak, terrazan zotzari ziria sartzen ari zela, usapala ikusi du, tortola, aurreko pago-gorrian pausatzen, zirina dariola, praxt-praxt… Bat-batean, begi-bistan kantuan hasi zaio: «Go-gooik ez! Go-gooik ez…!».
Bere artean hala egin du gure lagunak: «Arraioa! Horixe bera duk-eta goizero ohetik entzuten dudan kanta! Go-gooik ez! Go-gooik ez! Usapalarena duk, hortaz. Egunero ikasten diagu zerbait». Hartan, egonean dagoela, txio-txio, hamaikagarren guaxapa iritsi zaio. Testua da. Beste ezertarako gogorik ez, eta irakurri egin du goitik behera:
«Alferrak, kaka luze. Edo senar baten balioa. (Inork ez daki zer duen esku artean, galtzen duen arte). Hiru langile ari ziren etxe-orratz baten goenean leihoak garbitzen… Orduak luze eta gogoak motz, batek, nekeari jarraitu nahi ez-eta, behera zihoala kaka egitera, esan zien beste biei. Bai agudo joan ere, ez berehala etortzeko… Bien bitartean, haize-bihur handia sortu zen hirian. Haize gaiztoak emanda, airean bota zituen goitik beheraino bi lagun langile kristal garbitzaile gizajoak. Eta biak hil ziren, bai horixe.
«Gau hartan bertan, kontsolamendurik gabe negarretan urtuta gizajoa, beilatokira joan zen hirugarren laguna, bere emaztearekin batera, lankideen alargun errukarriak pittin bat bederen kontsolatze aldera. Zer nola adierazi asmatu ezinda, hitzak lotzen asmatzeke, «Nire doluminak saminak jakinak… Atsekabean lagun, aitzakia gabean…», totel-motel jardun zitzaien, negarti.
«Une hartan, bi gizaseme dotore jantzi bertaratu ziren, bi andre alargunengatik galdezka. Eta hala esan zieten, itzulinguruka hitz zuri luzeetan ibili gabe: «Gure enpresak asegurua du halako ez beharretarako. Milioi eta erdi euro dagokizue bakoitzari. Hona hemen txekeak. Tori, tori. Gure zin-zinezko doluminekin batera…». Gure lagunaren emazteari dena bertatik bertara aditzea eta ikustea tokatu zitzaion ezinbestean. Txundituta, ernegatuta, zapuztuta, eskuak bete huts eta ahoa bete putz, albora buelta emanik hala egin zion bere senar eta gure lagunari: «Joiño, jakina! Eta zu komunean, noski, kaka egiten!».
(Gaur, asteroko asteazkena izaki, baldin blogean espero zenuen artikulua agertu ez bada, atera kontu gure laguna zertan izango den: egonean pentsaka, usapal zirin jarioaren kanta entzuten: go-gooik ez!, go-gogooik ez…!).
Bizargorri, 2018-06-13