Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

FESTA ETA LANA

Irailaren hasierak, gure probintziako bazter ia guztietan, bi errealitate gordin dakartza urtero: lana (edo opor-ondoko depresioa, lanera berriro derrigor hasi behar dutenentzat) eta festa (iraileko Ama Birjinen jai-haizea, 8an eta 9an, herriko festak dituztenentzat). Hemen Hondarribian, kasu. Batetik, lana (esan nahi baitu estualdia, disziplina, dependentzia, diru-beharra…); bestetik, festa (jendetza, zarata, gaupasa, etxea bete bisita eta abarra…, tabarra).

Festa eta lanaren irudi sinbolikoa astoak eman izan dit ume-umetatik. Gure astoa, lan tarteetan maiz, bizkarrezurra lurrari lotu eta lau hankak zerurantz astinduz, lurrean jira-bueltaka aritzen zen gogo biziz. Horri gure ama zenak “astoa zaldalea irabazten” esaten zion. Zaldalea, garagarra, zekalea(k)…

Festa. Aitona zahar nekatu batek zer esan, jendetzaz eta parrandaz eta iskanbilaz, dagoeneko esana ez denik? Bizargorri zenak: «Non den plaza bete jente, haraxe doa Bixente; xaharra, ordea, handik urruti dexente». Lizardik: «Ai, nolako zoroak gauez kalerik kale ibil oi-diranak! Arkiko aal-dituzte asun minez beterik inoiz beren oiak…!». Eta Fray Luis Leon-ek: «Qué descansada vida / la del que huye el mundanal ruído / y sigue la escondida /senda por donde han ido / los pocos sabios que en el mundo han sido!». Alegia: «Bai benetan dohatsu / mundu hotsari itzuri doana / eta, lurrean jakintsu / bakanen berdintsu /, bidexka isilez dabilana!».

Lana. Oporraldi ondorengo lanari buruzko aipamenak ez zaizkit hemen kabitzen. Egunotako egunkarietan orriak bete-beteka datoz… Nik, hona gaur, paper zaharretan topatu dudan aspaldiko aipu edo erreferentzia bat dakart; asko gustatzen zaidana. Ez dakit seguru norena den; Dalai Lamaren batena, seguruenera. Eta halaxe dio hitzez hitz (guregatik):

«Mendebaldeko gizakume eta emakumeengandik gehien harritzen nauena zera da: osasuna galtzeraino lan egiten dutela, hurrena gero dirua parrastaka gastatzeko, osasun hura errekuperatzen. Gainera, geroan grinaz eta lehiaz pentsatuz, ez dute oraina disfrutatzen; hainbesterainoxe, ezen ez baitute bizi-gozatzen ez oraina eta ez geroa. Gainera, gehiago oraindik, sekula hil behar ez balute bezala bizitzen dira, eta sekula bizi izan ez balira bezala dira hiltzen».

Hori dun/k, hori, hitz egitea! Har ezan/k apopilo etxean…! Txuleta puskak bezalaxe, egiak ere, handitxoak direnean, ez ditugu onik irensten… Jubilatu zahar hau, dena dela, festetako masifikazioetatik eta laneko morrontzetatik aspalditxo irago ondoren, erabat konforme dago arestiko aipamen guzti-guztiekin… Beraz, bada, irail hasiera aurtengoan (ere), kaleko festara inora gabe eta laneko estuasun ezertara gabe, etxe txikiaren bueltan, astoa bezala egongo da zaldaleak (garagarrak, zekaleak, …) irabazten, bizkarreko euliek eta zorriek eragindako azkura gozatzen. “Aznahia goxatzen”, Bidasoa-alde honetan esaten dugun bezala.

Patziku Perurenak behin jaso omen zuena bezala: «Amaikatxok pasako liñake ratotxoat beakin…, mandire zuri batzun arten zaldalek irabaziz». Horixe.

 

 

(Festa, Hondarribian: ondo irago! Lana, Kontxan: bandera, kontxo!! Gora Ama Guadalupekoa!!!).

Bizargorri, 2018-09-05

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


septiembre 2018
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930