>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HAMAZAZPI GAMELUENA

Nik uste nuen, hamazazpi gameluen kontakizun zahar famatu bezain polit bitxia, antzina-antzinakoa zela, eztula sortu omen zen garaietakoa. Baina, ez. XX. mendekoa omen da! Internet sareak halakoxe arrain arraro arraioak ekartzen dizkigu begien bistara orain, gure harridurarako. Agidanean, orain euskaraz kontatuko dizudan hamazazpi gameluen istorio hau, Bhagwan Shere Rajneesh (Osho) (1931-1990) indiarrak idatzitako «Suzko hitzak» liburutik aterea da.

Joan den mendean batxilerra ikasten ibili ginenetik ezagutzen dut, eta miresten dut!, “arazo matematiko” gisara irakatsi ziguten pasadizo hau. Aho zabalik uzten gintuen, hala arazoaren planteamenduak, nola matematikazko soluzioak ere. Misteriozko istorioa erdiraino kontatzen ziguten lehendabizi; eta geeero, hurrengo egunean-edo, soluzioa argitzen, arbelean zatikiak ipiniz: erdiak eta herenak eta abarrak… Nik matematika kontu baino, literatura ipuin tankera handiagoa hartzen nion zera honi, bere moraleja eta guzti, mira-mira eginda.

Hiru semeren aita batek hamazazpi gamelu zeuzkan. Hil egin zen. Haren testamentu-dokumentua ireki zuten eta hara zer zioen: «Gameluen erdiak seme zaharrenarentzat izango dira; gameluen herena, bigarren semearentzat; azken eta hirugarren semearentzat, berriz, gameluen bederatzirena. Hala bedi».

Hasi ziren kontaduriak egiten partizioekin zuzen kunplitu nahian, baina hura buruhaustea sortu zitzaiena! Nola arraio egin hamazazpi gameluen erdia, animaliaren bat erditik ebaki ezean? Hala eginda ere, konponbiderik ez: nola arraio demontre lortu behar zuten hamazazpi gameluen herena? Eta, azkenik, nolatan puñetatan atera behar zuten etxeko hamazazpi abereen bederatzirena?

Hiru semeek orduan, hiriko gizonik zientzia anitzetan eskolatuenaren bila jo zuten, arren bai arren eskatuz, lagun ziezaietela kalamatrika halakoan. Ez alferrik: gizon zientifiko matematiko teoriko hark, hitza eta pitza ugari bai, baina ez zien konponbiderik erakutsi… Hartan, batek: «Matematikoa baino, ez al dugu hobe gameluekin egunero dabilen bat bilatzea?». Eta ez da zertan esanik hala egin zutela. Sheik izeneko gizaseme zahar eskolagabearen galdezka jo zuten. Ezikasia bai, baina ondo jakituna eguneroko eskarmentuan, alajaina.

Hiru semeek kontatu zioten arazoaren korapiloaren askaezina eta, arren eta arren, laguntzeko, mesedez…! Aita zenduaren testamentua entzun orduko, barre murritza egin zuen agure pikaroak eta honela esan zien: «Oso xinplea da konponbidea; ez zaitezte kezkatu. Dena dugu zaila, errazten zaigun arte».

Bere gameluetako bat eman zien hiru semeei. Hemezortzi zeuzkaten, hortaz. Ondoren, partizioak egin zituzten, zatiketak. Hemezortzi gameluen erdiak (18/2) seme zaharrenari eskaini zitzaizkion, bederatzi; eta kontent zen gizona. Herena zegokion bigarrenari (18/3); sei, beraz, beretzat; konforme hura ere. Bederatzirena (18/9) gazteenarentzat; kontuak jota, bi gamelu beretzat; ez zen haserre mutikoa… Banatutako gameluak hamazazpi izaki (9 , 6 eta 2), bat soberan geratu zitzaien, noski. Agureak erramaletik hartu eta berarekin eraman zuen berriz ere, «Orain zoazte lasai ederrean; denok gustura», esanez irriantxez.

Hala bazen, ez bazen, hahor moraleja. Erudizioa kontzeptu abstraktuetan oinarritzen da; jakinduria, lurtarretan. Erudizioa hizketan erakusten da, hitz eta pitzetan agertzen, urrutiko intxaurretan; jakinduria, esperientzia zuhurretan…         (Eta honek, gameluekin ez ezik, astoekin eta politikoekin ere balio omen du).

Bizargorri, 2018-09-19

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


septiembre 2018
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930