Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

EUSKARAREN BALIOAZ

Euskarak ez omen du batere balio mundu moderno honetarako; oso-oso zaila ez ezik, ‘aldeanoen’hizkuntza narratsa omen delako. Euskaldun jaiotzeko ditxa izan genuenok belarriak bete-beterik dauzkagu, joan deneko bost mendeetatik hona, irainez eta mespretxuz eta burlaz. Dagoeneko ahaztuak dauzkagu, zorionez, garai ez hain joanetako (apaizen sotanak, eliztarren mantelinak eta zeraren zerak bezala) eskolako zigorrak, kaleko multak eta nonahiko haserre-furrustadak (‘¡habla en cristiano!’), euskaraz mintzatzeagatik.

Cervantes kastillanoarekin hasi («Castilla, desprecias cuanto ignoras», A. Machadok esana), Unamuno euskaldunarekin segi («Euskara baserri zuloan itotzen uztea onena») eta egungo, erbesteko zein etxeko, idazle erresumindu, esatari ahobero eta politikari petralekin burutuz, ez da atsegin euskara dugunontzat oraintxe, atsegin ez denez, ala demontre! Eztia ez da egin asto muturrentzat…. Joan Mari Torrealdai jaunak ehundaka orri bete zizkigun euskarari eragin zaizkion debekuez eta jazarpenez; milaka orri ere bete genitzake sarean ageri diren gutxiespenez eta egunkarietako adierazpen maltzur arbuiatzaileez… Zokor-mazoak halakoak! Ni hemen ezin, bada, denen historia/histeria egiten/aipatzen hasi… Hitz batean esanda: euskaldunok ez omen gara parte onekoak eta euskarak ez omen du gaur deuserako balio. Kito. Eta, Onintza Enbeitiak zioen moduan: «Eurek idatzi izanaren poderioz, gainetik kendu ezineko harlauza bihurtu zaigu historia ofiziala».

Dena dela, den-denek ere ez gaituzte txiki-arraio egin nahi; baditugu aldekoak ere. Eta, burla guzti-guztien kontsolagarri, nik maiz ematen diot errepasoa Victor Hugoren testutxo bati, 1890ean argitara atera omen zenari. Arinaldia ematen dit niri, subidoia. Hona hemen zer dion, hahor:

«Ezerk sekulan ere eten ezin izan duen lotura sekretu eta sakon batek elkartzen du (muga diplomatiko-politikoak gorabehera, piriniarrak barne), muga naturalean, euskal senitarte misteriotsuko familia euskalduna (sendia).

«Nafarroa edo “navarra” antzinako hitza ez da hitz huts bat. Euskaldun jaio, euskaraz mintzatu, euskal-herritar bizi eta euskaldun hil: horixe eta halaxe egin izan da hemen betidanik. Mendialdeko baserritar-edo bati esaiozu hitz bat euskaraz; hitz horren aurretik, apenas izango zinen harentzat gizon edo andre soil; orain, aldiz, hitz horren ondoren, anai-arrebatzat hartuko zaitu.

«Hala gaztelera nola frantsesa ere (erdarak), hemen hauetan hizkuntza arrotzak dira. Frantziak Pirinioen alde bat hartu zuen beretzat, Espainiak bestea; hala eta ere, ez Espainiak eta ez Frantziak lortu izan dute euskaldunen taldea bereiztea, haustea, sakabanatzea. Duela lau mende gainean ezarria izan zen historia berriaren azpian, oraindik ere!, argi eta garbi bistaratzen da ’euskal’ zahar zera hura, aintzira baten azpian krater bat bezala».

Amaitze aldera, euskarak mundu moderno honetarako ere balio duela demostratzeko, adibide xume bat dakart. Oraintsu gasoil-gasolinen etiketa berriak ezarri dizkigute gasolindegietan: B-7 eta B-10 dieselak dira; E-5 eta E-10, gasolinak. Jendea nahastuta omen dabil, galdezka, asmatu ezinik… Bada, begira: euskaradunok ez dugu zertan duda egin, galdezka zertan hasi. Diesela behar duenak pentsatu behar du: E, ez; B, bai. Eta gasolina nahi duenak, berriz, E, erakoa; B, beherakoa (autoari eragingo dionagatik tripetan).

Bizargorri, 2018-10-17

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2018
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031