>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

MIHI-TINTINAK ETA KARTZELAK

Esaera dugu euskaldunok: «Beharrak, aharra»; esan nahi baitu, liskarra, demanda, errieta; ibiliera berria dute jubilatuek hirietakoa, demandan, errietan, aldarrian. Asteburu honetan bertan, milaka ibili dira kale eta plazetan nonahi, manifestazioan, pentsio duinen eske; eske, sutan bero. Halaber, asteburu honetantxe hasi dira politikariak ere udal eta beste hauteskundeetarako mitinetan; esan nahi baitu, mihi tintinetan. Mihi-tintinak direlako politikari gehienen mitinak beti: hitz goxoak kantari tin-tin, patrikan xoxak kontari txin-txin… Mingain bakarra eta belarri bi dauzkagu, ordea; bi aldiz adi entzungo al diete politikariok jubilatuei, eta behingo batez egoki erantzungo. Premia gorrian dabiltzalako etxe barru tristeetan gure zaharrak asko. Ala egia.

Hala eta ere, baina (eta ez da hau ez inoren ez ezeren kontsolagarri, ez!, baldinbetan), munduaren biribilean ba omen dira miseria gorriagoan, ezinaren nekepe larri latzean nolabait bizi zaizkigun zaharrak. Txinan, esate baterako. Nonbait irakurri dudanez, hiri tzar distiratsuetatik at, nekazarien mundu luze-zabalean, elemenia omen dira agureak eta atsoak gauza guzien ezean bizi direnak, beren senitartekoek total abandonatuak. Hainbesterainoxe ahaztuak, agintariek atzenean lege berria ezarri behar izan baitute, hainbestean behin behintzat senideek beren etxeko zaharrak derrigorrean bisita eta anpara ditzaten, hotza adina estalgarri eskainiz, gorputz eta arima.

Japoniako zaharren kasua bide da beste hortik honakoa, alajainkoa! Sei mila euro eskasen pare jasotzen dute pentsiotzat askok, gutxiago beste zenbaitek, ez gutxik. Eta behar hutsetan ezin, bada, bizi, minimoetarako gabe. Hori dela medio, hirurogei urtetik gorakoak omen daude han gaizkile gehien-gehienak. Sei lapurreta eginez gero, kartzela omen dute kastigu. Eta kale-gorriko miseria beltzean bizi baino, kartzela nahiago han; kartzelan, sikiera, badutelako aterpea, ohea, epela, argia, zer jana eta zer jantzia.

Gaizkileen azioak eta politikoen mihi-tintinak eta jubilatuen demandak gogoan hartuta gurera itzuliz, horra batzuen azken ideia bitxi, aldarrikapen txit harrigarria: politikoek lehenbailehen lege berria ezar dezatela hemen, jubilatuak kartzelaratzeko eta gaizkileak zahar-etxetara eramateko. (Sic). Arrazoibideak:

«Hartara, noski, gure zaharrek aukera izango lukete egunero dutxarako, aisiarako, kulturarako, botiketarako… Doan izango lituzkete protesiak, aulki gurpildunak, betaurrekoak… Ez lukete deus ere ordaindu beharrik ostatua, jatena, telefonoa, argia… Ordu oro zainduak, bijilatuak, egongo lirateke; zernahi gorabehera izanenean, istanteko lukete norbait atean, beren peskizan… Gela aproposa leukakete lagunak, senideak, bisitak errezibitzeko… Sarrera lukete liburutegira, gimnasiora, kirol zelaira, goi bereizmeneko telebistara…

»Hartara, gaizkileek, aldiz, janari hotz eskasak izango lituzkete gela bakarti burdin-saretuetan. Arratsero zortzietan argirik gabe geratuko lirateke. Trabarik ez egiteko, lasaigarriz eta loarazlez beteko lituzkete leporaino. Astean behin dutxa; eta ixo. Hiru mila euro ordaindu beharko lukete hilero, bizi esperantzarik gabe…! Hartara, hortaz, justiziaren partiketa egokiagoa eta zuzenagoa litzateke». Eta ondoren, atzenean, diote: «Jubilatu jaun-andreok, erresidentzia baino hobea duzue kartzela. Hori bai: hemen kartzelara joateko ez dira aski sei lapurreta; aski duzue, alabaina, plazara sei presoren argazkiekin atera edo, bestela, guardia zibil bati zangoa trabatu eta orkatila bihurritu».

Bizargorri, 2019-05-15

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


mayo 2019
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031