>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

GARRALDAKO BERRI

Garraldako berri dakar Xamar-ek (Juan Karlos Etxegoienek) Pamielan argitara eman digun bere azken liburuan: «ETXERA BIDEAN». Berri zaharrak, aspaldikoak, ahaztuak; baina berri zirraragarriak, mingarriak, gogoangarriak… Nafarroa goen-goeneko Aezkoa bailarako herria da Garralda, Orbaizeta azpian eta Abaurrea gainean. XX. mendean ondo sartu bitartean total euskalduna zena, 36ko gerra zitalaren ondorio gaiztoz, erdaldun bilakatu zen urte oso gutxitan, izua zabaldu zutelako herri inguru guztian: fusilamenduen bitartez hasieran, militar kanpamendua ezarriz hurrena (muga eta makiak aitzakia), apaiz eta maisu nolabaitekoak ekarriz hurrenago… (Gerra haren ondorengo urteetan jaiotakook, nonahi jaioak garela ere euskal herrietan, oso-oso ezaguna egiten zaigun egoera dramatikoa, bestalde. Egia ez bada, fundi nadin ni!).

Ez dakit nondik hasi… Liburu autobigrafiko honen atalak banan-banan emango nituzke gustura hemen, pasartez pasarte, laburtze aldera. Halere, ordea, luzetxo joko luke kopia lanak (baita itsusi xamar ere, Xamar-ek berak kontatzen du primeran eta). Nik hemendik interes pittin bat sortzen badizut, onena duzu, irakurle, liburua nondik edo handik eskuratu eta irakurtzea. Neuk agintzen dizut: ez zara damutuko… Bortuetako Euskal Herri  nafar ezezagun horretan barna bidaia bat egiteko gonbidapena duzu. Bada umorea ere franko.

Xamar autorea, 50. hamarkadan jaioa, aitona-amonek, guraso (batzuek) eta auzokoek euskara jakin arren, kastillano puruan hazi zen. Zahar-helduek euskara kutxako giltzape isilean fermuki gordea zeukaten. Umeek, aita-amek etxekonekoei zerbait eskatzera igortzen zituztenean, galarazia zuten “uskaraz” deus esatea. “Deograciaaasss!Deograciaaasss!” deitzen omen zuten oihu bizian.

Xamar autoreak euskara Iruñean ikasi zuen, gaztetan estudiantetan. Bere herrira joaten zenean gero, zer suma ibiltzen zen. Amatxi Bitorianari, esaterako, behin: «Amatxi, herrian erraten dadate zuk badakizula arront ongi uskaraz elekatzen…». Eta amatxik: «¡Que no, que no sé! Pero ¿qué dices, mi chico?». Beste behin, auzo-etxe batean sei lagun zahar musean (hiru hiruren kontra). Erderaz ari ziren, ohitura zuten bezala, nahiz eta haurtzarotik euskararen ezagutza izan… «Hori bai, jokoaren suan, arruntak ziren erranerak: asto-pito!, urde-zerria!, asta-putza, gaizo inutila! Han zirenen gurasoak euskaldunak izan ziren guziak eta, era berean, haien seme-alabak erdaldunak osoki, gure jendemende (belaunaldi) guzia. Han zen mahaiaren itzulian, xarmanki jokoan, mendeetako kulturaren desagerpena».

Bitxikeria bat. 1833an liberalen eta karlisten arteko guda; Eliza karlistekin zegoenez, herri txikietako jendea karlista, nagusiki; hirietan, ordea (hegoaldeko lau hiriburuetan), gehienak liberalak… «Isabel infanta adin txikikoa zenez, haren ama Maria Cristina zen erreginaorde. Cristina izenetik datorkie haren soldaduei “cristinos” izena, gurean euskeraz “giristinoak” (kanpotarrak, ez guretarrak…) deitu zituztenak. Geroago hitz horren laburdura (“giri”) itzuli zen bueltan erderara, zernahi arrotz izendatzeko». (Ba al zenekien hori…!?).

Azkenean, autoreak esaten dio amatxi Bitorianari: «So eixu, gor duxu Xamarrena (jaiotetxea)… Orei fein xira afeitra eta loitra, bai? Nehi duxu?». Eta amatxik: «Bai…! Gori einen dugu…! Afeitra eta loitra fein gira. BAGAZA ETXERA!».

 

Bizargorri, 2019-05-29

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


mayo 2019
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031