LUIS LUZIANO ETA KLAUDIO (I) | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

LUIS LUZIANO ETA KLAUDIO (I)

(Clémence eta Lucie-Honorine ahizpen senarrak, hurrenez hurren).

Kepa Altonagaren “Duvoisin kapaitainaren malura” liburua irakurtzen ari nintzela etorri zitzaidan artikulu hau idazteko idea eta bidea. Oiloa artaleen bila metrotik metrora nola, halatsu ibilia naiz neu ere letren bila orritik orrira, saretik salabardora, Bonaparte printzearen, Klaudio Otaegiren eta haien bi emazte ahizpen aztarnen atzetik; batik bat, Hondarribiarekin zer ikusia duten nondik norakoen zeratan. Kontu jakinak dira, baina jendea ez da konturatzen.

Nork ez du Louis Lucien Bonaparte, Napoleon handiaren ilobaren berri? Napoleonen anaia, Luis Luzianoren aita, Ingalaterran gatibu zela, han jaio zen 1813an Bonaparte printzea (Louis Lucien) deitua izango zena. Florentziako Maria Anna Cecchirekin ezkondu zen 1833an; eta 1891an hil Fanon, Italian. Bien bitartean, Ameriketan ikasita kimikan eta mineralogian aditua izanagatik, hizkuntzen dialektologiaren alorrean aritu zen gogotik: ingelesa, italiera, sardoa, albaniera eta euskara aztertu zituen sakon. Euskararen dialektoen lehen klasifikapena egin zuen: hiru multzo handi, zortzi euskalki eta 25 azpi-euskalki. Handia lana! Herri hizkuntza egunerokoa nahi zuen, ez jasoa: «Je n’étudie pas les langues pour les perfectioner, mais seulement pour les connaître, tels qu’elles sont». Egiteko horretan, bost bidaia egin zituen gure Euskal Herrira, tokian tokiko euskarak, euskara bakoitzaren berezkotasunak aztertzera, jasotzera; baita Bibliako atalen itzulpenerako baliatzeko ere. Noski, horretarako bera bakarrik ez aski, eta amakina bat lagun langile fin bilatu eta lortu zituen, iparraldean zein hegoaldean: Antoine d’Abbadie, Jean Duvoisin, Emanuel Intxauspe, J. Uriarte, Bruno Etxenike, Jose Senper…, baita Klaudio Otaegi ere.

Nork ez du, hemen gurean behinik behin, Klaudio Otaegiren berri? Idazle, poeta, bertso jartzaile eta itzultzaile hau Zegaman jaio zen 1836ko urriaren 30ean, eta Hondarribian hil 1890ko urtarrilaren 10ean. Zegaman parrokiako organista zelarik, Gasteizen magisteritza ikasi eta Hondarribian kokatu zen maisu 1858an. Hondarribian jaioko ziren bere bost seme-alabak, Hondarribiatik kolaboratu zuen Bonaparte printzearekin (bere koinatu gertatuko zenarekin gerora) eta Hondarribian bilakatu zen olerkari eta itzultzaile. Gazteleratik, frantsesetik eta ingelesetik itzuli zituen euskarara poesia asko, “Euskal Erria” aldizkarian argitaratu zirenak. Bere hitzetan: «1863-garren urtean itzuli nuan euskarara Luis Luciano Bonaparte, Principe jaunaren agintzaz, “Cristauaren Dotriña”, Cegamako, Hernaniko, Azpeitiko eta Irungo izkeran». Baita gerora Bibliako hainbat zati ere: San Joanen Ebanjelioa, San Markosena eta Rut eta Jonasen liburuak… Itzulpenak Hondarribitik Londresera bidaltzen zizkion, noski; eta bueltan harenak jaso, jakina; sekulako gutun pila! Hemen kontatzekoak ez dira zenbat aldiz eta zenbat tokitara lagundu izan zion printzipe jaunari (beste lagun zenbaitekin beti ere): Luzaide, Orreaga, Donibane Lohizune, Donibane Garazi, Garralda, Aezkoa, Erronkari… A ze lanak…! Ezta ere, hemen kontatzekoak ez direla, alegia, Luis Luzianoren eta haren hemengo laguntzaileen arteko (Duvoisin, Uriarte, Klaudio…) eztabaidak eta tirabirak hizkuntza moldeari buruz: hauek prosa literarioa nahi, proiekzio kulturalaren bila; hark, aldiz, tokian tokiko jasoketa soila eta kito: «Je ne crois pas que cette langue doive sortir des mains des philologues et des linguistes». Hizkuntza jasorako hor omen daude latina, frantsesa, gaztelera, alemaniera eta abarra: «… toujours supérieurs au point de vue littéraire».        («Bizargorri», 2019-06-12)

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2019
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930