Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

JOANAK

Senitartean sortuen, auzotar gertatuen eta ezagun egindakoen artean, besteak beste, aldiak izaten dira. Aldiak, zikloak, txandak. Ospatzen ditugu jaiotzak, zelebratzen ezteiak, festatzen urtebetetzeak… Festa, zelebrazioa eta ospakizun ororen azken hondarrean, ordea, beti bat eta bera dago: hiletarena. Tamalez, zama lez. Eta, gure aurrekoek behin eta berriz hala erakutsi izan diguten arren, ez gara ohartzen, jabetzen. Edo ez dugu jabetu nahi. «Jaio zara, hilko zara; jaioak hiltzea zor; hiltzea, erregek hausten ez duen legea…».

San Joan egunez ari natzaizu kontuoi bueltaka, bizien artetik hilen artera joan berri zaizkidan senitarteko, auzo eta lagunzarrak gogoan. Baita, denbora joanean, ondotik betiko alde egin didaten gainerako guztien oroiminaren zimikoz ere. Izan ere, arestian esan bezala, aldian aldikoa lege, aldiek ez dute akaberarik gure bizialdian, harik eta heriotzeko loak hartzen gaituen arte. Azken egunotan estima handiko zenbait joan zait aldamenetik. Pentsa: egun bereko ordu berean, bi hileta izan ditut joan den astean: Deban bata gure Blanca Esnaolarena (Goraintziak, izeko, etxeko guztiei!), eta Zaldibian bestea, Rufino Iraola, lagun handiarena (Joan hatzait lurretik oroitzapen den gerora; nora, hi?).

Egun gutxi batzuk lehenago Ormaiztegin ginen emaztea eta biok beste hileta elizkizun batean. “Heriok oinak azkar”, esan ohi da, agudo asko noranahi iristen ahal dela adierazteko; eta hala harrapatu zuen, ustekabeko zorigaitzean, gure lehengusu maitagarria, Mari Angeles Pildain. (Lehen asko ez eta zurekin, Marianjeles, galdu dut asteroko irakurle zintzo bat. Maite zaitut, begi-eder jator hori. Hemengo aldiak zintzo eginda, goza ezazu zeruan zoriona).

Eta betikoa… Hiletak hileta, atsekabeak atsekabe eta negarrak min, eliza beteko elizkizun triste-serioaren ostean, bertako jendea eta handik-hemendik etorria eliza atarian bildu ginen agur eta diosal, besarkada eta musu. Denok ere kontu zahar kontari, noski, halakoetan beti edo gehienean ohi den moduan. Besteak beste (den-denak ere ezin gogoratu eta aipatu; nolaz, ba!?), nik erabat ahaztuta neuzkanak: zenduaren anaiaren emaztea eta Imanol semea, Zarautzen bizi omen direnak. Apalategitarrekin (Felipe, Marijexux eta Patxi) atseginetan jardun eta gero, albotik deika inguratu zitzaizkidan ama-semeak, biak.

Ni ume koxkor-koxkorra nintzela, ama hori gure Telleri baserrian maiz egoten omen zela gure Anajoxepa amandrearekin; berak euskera jakin ez eta gure amonak gaztelania ere apenas, xelebrea izaten omen zela bien arteko hizketaldia. Isildu, behintzat ez. Isildu? Ezta…! Eta bi pasadizo zituen kontatu.

Bat. Saturnino morroia soroan ari da, lanean-edo, aitzurra hartuta lurra harrotzen, jorran, zopizartzen edo auskalo… Zutik, ordea, gizona, tente, gerria okertu gabe… Anajoxepa elebakarra, berriz, balkoitik begira-begira. Halako batean, esan dio: «E! E…! Culo atrás! Culo atrás!». Alegia, makurtzeko, bestela alferrik ari zela-eta, alajaina… Bi. Beste behin, Anajoxepa xaharra ohean gaixorik zela, herriko medikuari hots egin omen zioten; medikua, kastillanoa. Etorri da, begiratu du, tentsioa eta abarra… Gure amonari askorik gustatu ez, sobrare, haren aginduak eta zerak; eta, haserre antzean, hala esan omen zion: «Estudiante, mala cara, bi begikiñ errekara!».

Hiletetan dolu adina kontu, zoritxarreko zorionez… Hemengo aldiak eginda, etxeko eta lagun, askotxo joan zatzaizkidate ondotik, baina ez gogotik, ez bihotzetik. Nirekin zaramatzatet betiko.

Bizargorri, 2019-06-26

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2019
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930