Sanjoanetatik Saninaziotara, bero; beti bero, jaio ginenetik gero… Hala gure eskualdean nonahi, nola euskal herri bazterretan ere edonon. Eta festak, herriko jaiak; festa-buru eta jai-aro. Bidasoaldean, esaterako: Sanpedro, arrantzaleen patroi Hondarribian; Sanmartzial, Irunen egun handi, Alarde eta guzti. Eta esperientziari eskarmentu esaten diogun munduaren kantoi honetan, hirurogeitaka urterekin ez baikaude iskanbila eta zalapartatarako, ekainaren atzenean eta uztailaren lehen bi egunotan, hiru aldiz, mendira jo dut itzal epel eta arnas bare bila. Jaizkibelera. Eta, sinets iezadazue, kukuaren kanta aditu dut! Kukuaren kanta, bai, euskaldunon esaera zaharra buruan neramala: «Kukuak kantua Sanpedro eta Sanmartzialak ondoren isildu behar du, bestela gaitz handiak etor litezke». Halaxe da, bai horixe; ni hemen nagoen bezala.
Kukuaren inguruan, martxoan kantari iristen zaigun ordukoxe, aldiro kontu berbera ateratzen zaigu mihira; diruarena, alegia: kukuaren kantua aditzen duenak, baldin soinean dirurik baldin badarama, urte guztian dirua izango omen du. Badira, ordea, kukuaren gaineko kontu gehiago ere, jakingarri bitxiak. Bat. Txantxangorriari kukuak arrautzak bota egiten omen dizkio habiatik eta bere bakarra jartzen; txantxangorriak kukuaren arrautza berotu eta kumea ekartzen omen dio, ondo elikatua. Bi. Udaberria gose garaia izaten omen zen antzina, eta hortik ateraldia: “Kukua etorri, gosea etorri; kukua joan, gosea joan”. Hiru. Ezkondu eta seme-alaba bakarra edukitzeari “kukuarena egitea” esan izan zaio gure artean. Lau. Kukuak alfer fama du; izerdirik apenas, hortaz; hortik esaera: zirimiri ere izatera iristen ez den euri txikiari (lanbro) “kuku izerdia” esaten zaio. Bost. Kukua azkarra dela adierazteko: “Kukua kolegioan hamahiru urtean egona omen da”. Sei. Inor osasun oneko dabilela aditzera emateko: “Horrek datorren urtean ere kukua adituko dik/n!”… Eta hamaika halako, galbide samarrean dauzkagunak zoritxarrez.
Zorionez galdu ez duguna, hitzetik hortzera erabiltzera behartuta gaudena, zera da: “kukuak oker jo”, edo makur jo, esapidea, gauzak gaizki edo nahi ez bezala gertatzen zaizkigunean. Eta goizero egunkariak letzen eta gauero teleberriak entzuten ditugunok, euskaldunok, badugu arrazoi franko (franko!) kezkatzen hasteko, kezkatzen hasteko arrazoirik franko (Franko?) badugunez. Labur-labur, hara hor. Munduan gidari nagusi, Donald Trump mendebaldean; Kin Jong-un, ekialdean… Txina, Hong-Kong, Korea Iparra sesioan… Afrikan arazo zuria, Hego Ameriketan miseria gorria, nonahi emigrazio beltz latza… Etxe atarian, berriz, zer da Espainiako “demokrazia” izeneko hau? Zer da, gero, errekete eta falangista eta faxista kumeen harrokeria “suma” zorigaiztoko hau? Zenbat politikari lotsagabe lapur, epaile antigualeko makur eta berriemaile saldu zakur behar da Franko berri bat (berriro) pizteko!?
Egia da, bai, bestalde, politikariak eta militarrak eta erregea(k) konforme eduki ezean, gerra datorkeela agudo asko. Ez dago deretxorik! Beldurra ematen du, izua eta ikara larria, honek guztiak. Zer datorkie gure ondorengoei…? Erne Jaizkibeleko kukuari. Mututuko al zen honez gero, bestela errukienak gara, errukienak garenez…! Aditu ondo 1936an gertatu omen zena, orduko zegamar batek kontatua: «Aurten Sanpedrok pasa eta hamar egunera jo du kukuak. Beraz, aurten ere izango dira ezbeharrak…». Eta gerra hasi zen hilabetera.
Bizargorri, 2019-07-03