>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

OILOAREN FABULA MODERNOA

Oilo batek behin gari ale mordoska bat topatu zuen. Auzoa jo, eta bildu zirenei esan zien: «Gari aleok ereiten baditugu, ogia izango dugu jateko. Zuetako nork lagunduko dit garia ereiten?». Eta «Nik ez, behintzat; hara bestea!» –esan zuen behiak. «Ezta nik ere; badut aurreragoko lanik» –adierazi zuen ahateak. «Ereiten lagundu nik…? Baita zera ere!» –furrustatu zuen txerritxoak. «Nik zer esanik ez; are eta gutxiago!» –amaitu zuen antxumeak… «Neuk bakar-bakarrik erein beharko dut, hortaz» –erabaki zuen oiloak. Eta…, esan eta egin!

Garia erne zen, hazi zen eta, heldu ere, heldu zen hori-hori. «Zuetako nork lagunduko dit orain uzta biltzen?» –jakin nahi izan zuen oiloak. Eta: «Ez nik; nik badut jada gutxieneko soldata bermatua», ahateak. «Ez da hori nire egitekoa; baina, ezkutuan ordain-saria ematen badidazu…», txerritxoak. «Hainbeste urtez zerbitzuko lanetan ibili eta gero? Ezta pentsatu ere!», behiak. «Nik, badaezpada ere, ez dut langabeziaren diru-ordaina arriskutan ipini nahi», antxumeak. «Uzta neuk bakarrik bildu beharko dut, hortaz…», etsi-etsian oiloak. Eta…, esan eta egin!

Azkenean, iritsi zen garia errotan irin, irina etxean ore, orea labean ogi bihurtzeko sasoia ere. «Zuetako zeinek lagunduko dit ogia egiten…?», oiloak. Eta: «Ni eskolatik iheska ibili nintzen beti, eta ez nuen halako txorradarik egiten ikasi!», esan zuen txerritxoak. «Nik ezin dut nire gaixo-pentsioa arriskatu; horixe polita!», segitu zuen ahateak. «Baldin, dirudienez, laguntzeko beste ezertarako ez bada, agian hori diskriminatzailea izan daiteke», murmurikatu zuen antxumeak. «Sos batzuk eskaintzen badizkidazu…», zirika behiak.

Orduan, oiloak berak bakar-bakarrik, zer erremedio!, garia jo, gari aleak errotan eho, irina legamiaz eta abarrez ore bihurtu, labean opilak sartu eta erre…, denborarekin, lanaren poderioz, bost ogi eder lortu zituen guri-guriak. Gero hurrena, zumezko saski batean paratu zituen dotore asko, auzo guztien bistan, nahita. Bat-batean, zer?, eta den-denek nahi omen zutela ogi hartatik, guztiek ere ogia nahi omen zutela; emateko eta emateko…! Lañoki, argi eta garbi esan zien oiloak: «Ez, ez! Ogiok neuk jango ditut bakar-bakarrik!».

«Lukurra halakoa!», adierazi zuen makakorroka behiak. «Izain kapitalista madarikatua!», ahateak karranka. «Guztiontzat eskubide-berdintasuna aldarrikatzen dut!», antxumeak marraka. «Bakea, Ogia eta Hezkuntza, denontzako dira! Herriak betidanik izan ditu bere eskubideak!», txerritxoak kurrinka, muttur-luxe… Hori guztia aski noski ez, eta pankartak margotu zituzten auzoan, kartel handiak inprimarazi: «Injustizia!», «Faszista!», «Herriko ogia lapurtzen!», «Herriarena gurea da!», «Nire eskubideak nahi ditut!». Eta oiloaren kontrako protestan ujuka atera ziren auzokoak plazara, itsuskeriak esanez, nabarmenkeriak hots eginez, orotariko irainak eta ez-esatekoak jaulkiz; guztiak ere, jakina, oilo bizilagunaren izen ona lohituz.

Alimaleko protestak gertatu ziren, istiluka, oilo ogi-egilearen kontra. Auzoz auzo lehendabizi, herriz herri hurrena, mendiez alde batera zein bestera azkenik, lur eremu zabaletan. Haserreak ez zeukan akaberarik… Harik eta, halabeharrez, gobernuko fiskala ere partean sartu eta bere aldartea hartu zuen arte. Oilo gajoa bere aurrera ekarrarazi eta, batere gupidarik gabe, halaxe ipini zion auzia argi eta garbi:

—Zuk, oilo horrek, ezin joka dezakezu horrela, zeurekoi doilor, inolako moduz; zuk ogi mordoa irabazi zenuen, nahi hainbat eta gehiago; zuk, hortaz, halaxe berean, zerga, tributu, kontribuzio mordoa ordaindu beharra daukazu.

—Nik, ordea –aitortu zuen oiloak bere buruaren defentsan–; nik, ordea, neure lanez eta izerdiz irabazi nuen ogi hura. Ez baita ogirik neke gaberik. Eta… egia esaten hasita –gaineratu zuen ezker-eskuinera ustezko lagunei begira–, egia oso-osoa esaten hasita, gainerakoek ez zuten lanik egin nahi izan, ez zuten kolpe-zorririk jo! Ogia egiten auzokideen artean laguntzeko, nik, mesedez! Eta, ezetz batek eta ezetzago besteak, zaputz beltzean. Esaera zaharrak dioen bezala, ikatz zakutik irin zuririk ez.

—Hori da! –esan zuen gobernuko funtzionarioak–. Hori da arrazoia! Horixe da, hain xuxen ere, eskumen askearen(edo konpetentzia librearen, nahiago baduzu) abantaila, bentaja eta onura: nornahik, edozein enpresak, nahi beste irabaz dezake; nahi duenak lan egin dezake; eta nahi ez duenak, ez… Beti ere, horratik, gure legeria modernoaren arabera (mundu guztian denik-eta modernoena eta aitzindariena), zu bezalako langile fin emankorrek (baita komunitate edota herrialde saiatuenek ere), gure legeen arabera, beren lanaren produktua partitu egin behar dute eta banatu, banatu eta partitu, ezer ere egiten ez dutenekin. Ikatz zakuan ere on da irina. Zuhurrek bil, eroek jan…

—Inoren ero, ni –lepo eta zepo eginik oiloak, bere kolkorako.

—Horixe da munduko sozialismorik modernoena –epaileak, segidan–. Eta zuk, oilotxo, zure partea ipini eta ekarpena egin behar diezu IVA/BEZari, erregaien zergari, autopistetako bidesariei, errege-erregina-koinatu-arreba-iloba-izebei, bankarien gain-soldatei, politikari ezgauzei, enbaxadoreen familiei, multinazionalen ezkutuko gidari alferrikakoei, trajez eta korbatez jantzitako lapur zuri faltsu hotsandikoei… Zuk zergak  ordaindu behar dituzu: auto-, etxe-, udal-kontribuzio agindutako guztiak… Zertarako? Bada, Osasuna, Hezkuntza, Gizarte Segurantza, Justizia (denontzako bat eta berdina dena) bere horretan mantentzeko. Horiek direlako hemen gurean munduko onenak!!!

Irri-axal oker batekin, etsi “onez” hartu behar izan zuen oiloak erabakia.

Harrezkero, denak zoriontsu bizi izan ziren betiko. Baita oilotxoa ere. Entzunak entzunik eta ikusiak ikusirik, bekozko iluna ezin disimulaturik, beste erremediorik ezean, karaka-karaka egiten zuen maiz auzokideen artean: «Hau da poza, hau! Hauxe da suertea herri honetan bizi beharra tokatu izana!!».

Auzokoak, berriz (behia, ahatea, txerritxoa, antxumea), galdezka ari dira oraindik ere sarri: «Non zertan ote da oiloa…? Aspaldian ez digu batere ogirik egin!».

Bizargorri, 2019-07-17

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2019
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031