TOURRA DA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

TOURRA DA

Tète de la course. Tourra da. Gaur, asteartea, bigarren eta azken atseden eguna izaki, deskantsuan egongo dira, noski, kazetari berriketariak, hala nolatsu egongo diren ere txirrindulari karreristak, daudenean daudela. Eta denok ere deskantsu baketsu isilean gaudenez gero gaur, pentsa dezagun pixka batean. Pentsa dezagun ba ote dagoen Tourra (edota beste Itzuli, Giro zein Vuelta) telebistatik ikus-entzuteko beste modurik, era diferente konplituagorik.

Poursuivant. Izan ere, antzinatik, Loroño eta Bahamontes nor-lehenagoka zebiltzanetik, txirrindularitza ikaragarri gustatu izan zaigu; baita telebista etxera ekarri aurretik ere. Orain, bizi garen auzo ondotik kasualitatez pasatzen ez badira, behintzat, etxeko telebistako irudiei begira egon (egon eta egon) beste erremediorik ez dugu… Poursuivants. Zorionean, guri euskaldunoi, hiru kazetari kontu kontari berriketari ari-eta-ari ari zaizkigu euskeraz arratsaldero, frantses eta español kateetan ari direnen pareko ez ezik, egokiago eta adituago eta gogotsuago. Gainera, darabilten euskera hain da natural, mardul, aberats eta gozatsua! Benetan diot: bi belarrien gozagarri eta betegarri gertatzen zaizkit.

Peloton. Baina… Beti bada “baina”ren bat, alajaina. Baina, orduak aurrera egin ahala, bi-hiru-lau ordu aditu eta entzun, belarri gozagarri ez baina, belarri aspergarri bilakatzen ohi dira esatari berritsuok. Gauza jakina da: maiztuz gero, kalte. Atertu gabe jarduten zaizkigu arratsaldero jo-ta-fuego: itzulien historiaz, antzinakoen abenturez, karreristen erreferentziez, noiz, nork, non zerako hura egin zuenaz, teknikaz, estrategiaz, bio-mekanikaz, aero-dinamikaz, fitxaketez, dopinaz… Zertaz ez, ene maria santisima! Eta, etapa bakoitzean, gooorakako bideak, aldapak eta pedalari eman behar ezinbestekoak indar-lapurketa omen dakarren gisa berean, gure egooonean, entzun eta aditu eta arreta ipini beharrak “belarri-lapurketa” dakar: asperdura, betekada, higuin gisako zera nekarazle hori. Ez da inoren erru; baina dakienak badaki…

2e peloton. Eta bien bitartean, isiltasunik batere gabeko lau-bost ordu beti -bateko horietan, karreristen inguruetan eta errepideen ezker-eskuinetan, joan doaz oharkabean ehundaka gailur, arro, erreka, baso, mahasti, ordeka eta zulo eder zoragarri. Eta aldi berean, han-hemenka, elemeniaka galtzen zaizkigu begietatik elizak, gazteluak, herrixkak, folkloreak… Arrière du peloton. Eta ixo. Horiei buruz ezta hitz erdirik ere berriketariek. Tamalez. La Cathedral de Sainte Cécile, La Plateau de Milles Stages, Le Château de Saint-Ilpize, Abadie de Saint Andre (Allez Bardet!), Château Comtes de Foix (Allez Pinot!), La Col des Chevrères (aupa Gorka!), La Planche des Belles Filles… Eta gu enteratu ere ez!

Arrière de la course. Ez ote da, bada, modu berri moderno atseginagorik Tourra (edota txirrindularien zeinahi itzuli, jiro eta buelta) ikus-entzuteko? Gure koadrilan uste dugu baietz. Aurreko batean, hitzak hizpidera eramanik, konpondu genuen arazoa, gure ustez: karreristak beren egitekoan ekinean doazenean, eman haien irudiak (pantaila osoan sarri, erdika inoiz) eta erantsi doi-doi graziatsu komentarioak, historiak, pasadizoak, legendak, musikak eta, eta, eta… iruzkin kultural atsegingarriak bide bazterretako gaztelu eta eliza eta herrixka eta labarrez eta abarrez. Horra. Txirrindulariak erne ohi doaz beti bideari; ikus-entzuleok erne egon gaitezen, eskaini, bada, karreraren paisaia inguruko historia eta “betegarri” “jantzigarri” interesgarri gehiago. Halabiz.

Bizargorri, 2019-07-24

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2019
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031