>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

URTZI ERREZOLA PIKABEA

Urtzi Errezola Pikabea, orain hiru urte zorigaitzean zenduari bi kanta, aita Mikel Garikoitz, ama Marijo eta anaia bizki Joritzen izenean, oroi-minez. Izan ere, gaur gaueko hamar eta erdietan, Hondarribiko Gipuzkoa Plazan, aitak aurkeztuko du “Urtzi betirako” diskoa jendaurrean, hamasei abestirekin, Joxerra Garziak eta biok familiari ohorez eta amorez eskaini dizkiogunak, Urtziren bizitzako une eta bizipenak islatzen dituztenak. Ihintzak ekarri hitzak.

 

MAHAI BIRIBILA (Jesusmari Mendizabal)

Egun batean zinen iritsi, hautsirik hutsaren ezetza;

iritsi zinen egun batean hutsa hautsirik: baietza…!

Gure mundura iritsi ere, emanez aita-amei ze pentsa;

iritsi zinen gure mundura, beteaz zeure ametsa.

Atea noiz ixten, argia da pizten, bizian bezala hilean,

etxean gauero zaudenez gero lauron mahai biribilean.

Zeure ametsa bete zenuen gugana etorririk, Urtzi;

bete zenuen zeure ametsa eta gu beterik utzi.

Zenbat zori on mahaiaren bueltan, erauntsi gaiztoak, erauntsi…!

Mahaiaren bueltan zenbat zori on, blaga, kanta eta igurtzi…

Atea noz ixten, argia da pizten, bizian bezala hilean,

etxean gauero zaudenez gero lauron mahai biribilean.

Izarren pare, maite laztana, hala pozez nola intziriz;

maite laztanak izarren pare gauez du egiten diz-diz…

Ilunabarra noiz iritsiko egoten gara kontent irriz;

noiz iritsiko ilunabarra, zurekin biltzeko berriz.

Atea noiz ixten, argia da pizten, bizian bezala hilean,

etxean gauero zaudenez gero lauron mahai biribilean.

 

ZENTZUGABEKO ZERA (Joxerra Garzia).

Sustrai gabeko zuhaitz, itsas ur gabea, ez leiho ez aterik, ez duen etxea.

Moko gabeko txori, zakatz gabeko arrain, lema hautsia duen ontziko kapitain.

Requiem sehaskan ta hilobian haur-kanta.

Krabelinak lurpean, simaurra hegan, haizea kartzelan.

Zentzugabeko zera, amesgaizto ankerra:

guretzat, alafede, hori litzateke mundua zu gabe.

Geltokirik gabeko trenbide itsua, argia falta duten begien izua.

Zuri-beltz bihurtu den ortzadar zurbila, alferrik jira-biran dabilen gurpila.

Requiem sehaskan ta hilobian haur-kanta.

Krabelinak lurpean, simaurra hegan, haizea kartzelan.

Zentzugabeko zera, amesgaizto ankerra:

guretzat, alafede, hori litzateke mundua zu gabe.

 

Horra, beraz, bi kantetako hitzak “Urtzi betirako” diskoan agertuko direnak. Bosteko zintzoa Mikel Garikoitz aitari, muxu kuttuna ama Marijori eta besarkada estua Joritz anaia bizkiari. Ez dadila Urtzi zuen mahai biribilean sekula falta, horixe litzatekeelako zentzugabeko zera.

Bizargorri, 2019-07-31

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2019
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031