Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

NI ONDO, ON; HI, HOR KONPON!

Esperientziatik eskarmentura eta eskarmentutik zaputzaldira, adin larri beteko jendeok, gehien-gehienean bederen, ezari eramanak gaude, ezkor bezain uzkur. Hala ezkerreko nola eskuineko. Apenas dugun ezer egiazko onik ikusten politikan; are gutxiago politikariengan. Hala, denbora joanean eta esperientzien eskarmentuz, lasai asko esan dezakegu, alafede, errege-erregina edota jaun-andere haundiki-maundiki guzti-guztiak (nafar, frantses, kastillano, oinaz, arabiar, ganboar, …) igual-igualak ez, baina bai igualtsu samarrak izan direla beti han-hemen: “Ni ondo, on; hi, hor konpon”.

Arabera berean, alderdi politikoak ere. Den-denek dutelako, alajaina, ahaltsutik adina faltsutik. Besteak beste eta bat bakarra zehazki apuntatzen hasita, esate baterako, PSOEk. Espainiako hauteskunde ondoren honetan, latzak eta garratzak entzun behar izan ditu eskuin aldetik; baina, baita bota ere latzak eta mikatzak euskaldunon kontra (bai, euskal herritar bizi nahi dugunon aitzika, kontrara eta aurkari). Abertzaletasuna gure karramarroa balitz bezala eta terrorismoa gure aita-ponteko. Aspaldi esana da euskaldun batek: «Auskalo zer dugun kaltekoago, eskuin espainiarra ala ezker española». Eta duela egun gutxi, nafar batek: «Navarra Sumak berak baino ere (ezagun garbia delako), izu handiagoa sortzen dit aldika sozialismo nafarrak (ezagun aldakorra delako)». Nola ahaztu Felipe Gonzalez, Alfonso Gerra, Patxi Lopez, Urralburu, Roldan…

Guzti-guztiok ere, baldinbaitere: “Ni ondo, on; hi, hor konpon”.

Gizaseme bat badoa Iruñera autoan eta, ezker-eskuin bihurgune eta biribil asko izaki, galdu antxean gertatu da eta galdetzen dio dama ibiltari bati:

—Aizu, mesedez… Lagunduko al didazu? Adiskide batekin 11:30etan dut hitzordua, berandu nabil eta, egia esan, ez dakit nondik nora noan ere.

—Bai, gizona –damak–. Nola ez, ba? Begira, auto batean zaude, Iruñeko hirigunetik zortzi kilometroetara; latitude eta longitudean, berriz, 42,48º I eta 1,64º M, hurrenez hurren.

—Hara bestea, berriz…! Ingeniaria zaitut, inondik ere, ala…?

—Bai, jauna. Halaxe nauzu, ba. Nolatan antz eman didazu…?

—Oso erraz, emakumea. Esan didazun guztia “teknikoki zuzena”, bai, baina era berean “praktikoki alferrikakoa” delako. Galduta nago lehen bezala, berandu iritsiko naiz eta, zure informazio horretatik, ezer onik atera ezin dut…

—Zu, dudarik gabe, sozialista zara, ala? –orduan oinezko damak.

—Bai; halaxe da –auto barrukoak harroki–. Nola antz eman didazu…?

—Ene, ba; aise! Begira. Ez dakizulako non zauden eta ez zarelako aklaratzen nondik nora zoazen ere; kunplitu ezin duzun hitza eman berri diozulako adiskide bati, eta arazoa beste batek ebatzi zain zaudelako; laguntza-eskea egin didazunean bezalaxe, alegia. Eta orain zer…? Orain, hala eta guztiz ere, badirudi honen guztiaren errua nirea dela; neurea eta kitto… Entenditu didazu…? Atera zeuk kontuak…

(Hau txantxa bat da; eskuin muturrekoren batek eginikoa dirudiena, gainera. Barka. Txantxak txantxa, gauza da atzo 11:30etan Maria Txibite andere sozialistak hartu zuela Nafarroako Presidente kargua. Bejondeiola! Pozik egotekoa da. Momentuz. Berriz ez dadila gerta “Ni ondo, on; hi, hor konpon” betiko zaharra. Gaizki esanak barkatu; ondo esanak gogoan hartu).

Bizargorri, 2019-08-07

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


agosto 2019
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031