AITZAKIA POLITA | Bai Horixe - Bizargorri

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

AITZAKIA POLITA

Ume-umetatik, eskolara hasi nintzenetik, kontrara jarri zitzaidan mundua. Kontrara maistra, kontrara legea, kontrara zuzenbidea: eskuineko eskuz idatzi beharra omen zegoen derrigorrez. Ezkerreko eskuz idaztea debeku eta pekatu omen zen, seguruxeagotan ere. Hartara, hortaz,  gure maistrak niri “a, ama; e, ene; i, ibi; o, oso; u, uju” letraz letra eskuinez idazten eskutik helduta irakasten zidan denboran (ez alferrik, ala dedio), tajurik apenas nion erakusten, baldar eta moldakaitz nintzaion-eta agertzen idazte prozesuan, total ezkertia izaki ni. Hala, etxerako lanak ematen zizkidan egunero-egunero, beste ikasleei ez bezala: “Bete ezazu orritxo hau lerroz lerro, eskuineko eskuz idatzirik, goitik beheraino: a, aza; e, efe; i, idi; o, olo; u, musu”. Edozeinek esaten zion ezetz…!

Sei urte izango nituen orduan. Eta umeak bihurrikeria berezkoa eta beharrezkoa izanik, behin etxera orduko, meriendarekin eta lagunarteko jolas guztiekin osotara kunplitu ondoren, ohera baino lehen, bazter batean isilean ipini (“Ama/aita, eskolako lanak egitera noa”; eta “Bai, oso ondo, politt hori!”) eta maistrak emandako orria aurrean zabaldu, lapitza (orduan ez baitzen arkatzik) ezkerreko eskuz hartu eta “aza-tik musu-raino” dena primeran burutzen nuen, goitik hasi eta beheraino, aparteko zailtasunik gabe.

Honek guztiak ondo adierazten du umetatik nolabait samar ibili naizela tokatu zaidan munduan; alegia, oiloak kotan bezalatsu, kuxkur-kuxkur eginik bizi izandu naizela nire denboran aspalditik. Adierazten du, bestalde, gauzak kontrara datozenean, zeharka zorrotz eta aurrezka gaizto, ez naizela ezer-asko gauza. Eta adierazten du, azken batean, ni (ere) jaio nintzela biko eta ezin izan naizela lauko. Bi esku besterik ez dut. Eta bitan batek bakarrik du nahieran funtzionatzen. Beste eskutik maingu bezala naiz eta oso motz nago. Ez da beste hirugarrenik edo laugarrenik nire ezinen lagungarri…

Orri honen irakurleren bat honaino iritsi bada, honezkero hasia da pentsatzen aitzakian-maitzakian, bere kolkorako esaka: “Honegatik edo haregatik edo bestagatik, idazleak gehienean topatzen dik aitzakiaren bat lana saihetsean uzteko”. Eta, akaso, hala edo halatsu da. Lana, egitekotan, ondo egin behar da, ordea. Aspaldiko esaera da gure artean: «Maria gurea behin joango elizara, eta bertan “Ipurdiz altarera!?” esan omentzion Peruk aspaldi hartan». Ezer eginenean, zuzen egin behar dela, alajaina. Esaera zahar hau ere (gaur egun dagoeneko galdua) Ormaiztegin jasoa da, neu bezalakoxe ormaiztiar bati buruz: «Beti gaxorik zegoon aitzakiikiñ, etzon elizan sartu nai izaten».

Honaino iritsi bazara, irakurle, baduzu meritua, meritua baduzunez. Eta behin honainoz gero, segitu beharko duzu akaberaraino, zer berri sortuko ere… Arestiko elizara sartzea, ni blogera sartzearen pareko da; lana saihetsean uzteko aitzakiarenak, berriz, blogean idazteari utzi egingo diodala adierazi nahi du; bi eskuren aipamenak, azkenik, egia besterik ez dakar agerira: ezer egitekotan, ondo eta xuxen egitea dela bidezkoa…

Aste honetantxe eskuineko eskuan ebakuntza egingo didate Irunen, eskualdeko ospitalean. Beraz, egin ezina izango dut asteazkenetako lan hau; ezin izango dut idatzi lauzpabost astean. Zergatik? Bada, ezkerrez idazten aspalditxo ahaztu zaidalako; eta, zuek gehienak oporretatik bueltan lanera hasiko zareten honetan, nik oporrak hartzeko aitzakia polita daukadalako.

Bizargorri, 2019-08-21

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


agosto 2019
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031