"VENDETTA ETA BESTE..." | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

“VENDETTA ETA BESTE…”

Bihar hasi eta datorren igandera arte, jendez gainezka, zabalik izango da aurtengo Durangoko Azoka. Bien bitartean, atzo arte hain zuzen, etengabe eman izan dira han-hemen liburu, disko, itzulpen eta beste hainbat kultur sorkuntza berrien aurkezpenak, gero prentsan eta telebistan, batzuk behintzat, handios agertu direnak. Isilago (ez halere umilago) egin genuen herenegun gurea: Alberdanian atera dira Guy de Maupassant-en narrazio laburrak, “Vendetta eta beste ipuin batzuk” titulupean, nik euskaratuak. Han neuk esanak, han labur eta hemen laburrago, horra zure jakingarri:

IDAZLEA gogoko. 1850ean sortu zen Mantxako Kanaleko kostan, Paris eta Londresen erdian, Dieppen, Maupassant, idazle klasiko handia, nire kuttunetako bat. Hamahiru urte zituela, gurasoak banandu (aita gonazale) eta amarekin geratu zen. Seminariora joan eta handik bota egin zuten kanpora. Geroztik “erlijio” kutsuko orori herra hartu zion, nahieza. Hogei urterekin Parisera etorririk, arraunean kirolari fin Senan eta, Gustave Flaubert lagun, idazle eta editore famako bilakatu zen. 200 ipuin, sei nobela. Promiskuoa izaki, Sifilia harrapatu eta paranoia larrian bizi izan zen, bere buruaz beste egin nahiz. Zentro Psikiatrikoan hil zen berrogeita hiru urterekin, errukarri. “Hura ere ibili zen, agidanean, muxu eta laztanetan, ipuin zikinak kontatzen, gero dantzan, edo, dantza ondoren, alberdanian”. (J.B. Agirre).

ITZULPENA gogotik. Orain hamar bat urte jubilatu nintzelarik, denbora betegarri eta arratsaldeetako entretenigarri, Maupassanten hainbat ipuin artean euskaratu gabeak hautatu nituen. Denak ere “france profonde”-koak, honako hiru lekuotan kokatuak: Normandian edo Parisen edo Sardinia/Korsikan. Gaiak, berriz, honakoak beti ere: frantsesen eta prusiarren arteko gerra gorria goian; burges txikiak eta Senako ibilerak erdian; arrantzale bizitza latza hegoan; mendekua, gorrotoa, alkohola, pasio sexuala, diru gosea eta abarra… “Gizonek hala diote hango itsasertzean: botilla betea dagoen bitartean, uharriak (erretak) ikusi egiten ditugu; hutsik dagoenean, aldiz, ez ditugu ikusi ere egiten!”.

IRAKURLEA gogoan. Mundu gordina, pertsonaia oldarkorrak, paraje bazter basatiak, amodioak…, ipuin edo narrazio labur guztiok helduentzako diruditen arren (eta izan, badira), oso aproposak dira gazteentzako ere, batere dudarik gabe (ipuin tailer bat urteetan gobernatu duen batek dio hau ziur). Eta bestalde, istorio aspaldikoak edota urrutikoak diruditen arren, ez da halakorik: gaur egun bertan gure edozein hiri edo herrixkatan gertatuak izan daitezke; bihar goizean bertan notizia berri-berri gisa ager daitezke pertsonaiok, aziook, gertakariok…, gure egunkarietan. Historia gustagarriak datoz zinez, biziak bezain bitxiak, liburuxka honetako bederatzi ipuinetan; banan bana, erraz eta gustura irakurtzekoak eserialdi batean. Anjel Lertxundik esana: “Guy de Maupassant da France profondeko izaera sakona modu fidelenean jaso eta deskubritu zuen idazlea…; bertako pertsonaia eta paisaia partikularren bidez…; gizakion barne-muinak biluztuz…”.

Beraz, bada, zarena zarela, eros ezazu sin falta arestian aipatu liburua, neguko zeure entretenigarri edota Olentzeroren erregalotarako, ez zara-eta damutuko. Baldin institutu, euskaltegi, Hizkuntza Eskola edo halako batean irakasle bazabiltza, berriz, egiozu propaganda, anima jendea irakurtzera… Itzultzaileak dizu aholkatzen; lotsagabe xamar, eskatzen. Eros eta goza.

Bizargorri, 2019-12-04

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2019
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031