IRAKASLEARENA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

IRAKASLEARENA

Hogeita hamabost urteetako goiz eta arratsalde luzeetan maisu ibili dena ikastolatan, bada nor, nor badenez!, heziketaz hizketa egiteko; bai, alafede. Ez ditu-eta alferrik ezagutu hainbeste eta hainbeste gorabehera bere ikasleekin. Bere denboran (aurrekoei ikusiz/ikasiz, ondorengoei erakutsiz/irakatsiz), oker edo bihurrikeria bakoitzaren aurrean, zaplazteko bat emanez, errieta eginez, zigorra ipiniz, zuzendariarengana bidaliz edo konpontxo batekin moldatuz…, irakasle bakoitzak aldian aldiko aldartearen arabera moldatzen zuen kasua. Nik orain hona dakarkidan irakaslearen kasua ipuina da. Bai. Halere, egia antza du.

Gizon gazte batek aspaldian ikusi gabeko adineko bat kalean ezagutu eta ea gogoratzen al zuen galdetu zion. Eta agureak, ezetz. Gazteak, orduan, ikasle izandu omen zuela ikastolan. Poztu zen zinez zaharra, eta ea zertan ziharduen, bada, galdetu zion gazteari. Honek, irakasle omen zebilela bera ere:  «irakasle nabil; hain zuzen ere, zeuk eraginda». Lehenaz gain, poztuagotu zen maisu zaharra eta historiaz interesatu. Hara zer kontatu zion gazteak:

«Gabonetako oporren ondorengo egun batean, nire lagun batek erloju berri-berri zoragarri ederra ekarri zuen ikastolara. Hainbeste zitzaidan, ai ene!, gustatu, ‘nirea behar dik horrek izan, nirea behar dik horrek izan…’ egiten bainuen nire baitan etengabe… Behin, deskuidatu eta nire eskura utzi zuen batean, lapurtu egin nion eta neure patrikan ondo-ondo gorde. Berehalaxe susmotan hasi zen nire laguna eta zuregana jo zuen negar eta kexu. Zuk, orduan, gelako guztion aurrean zera esan zenuen koplarik gabe: “Mutil honen erlojua lapurtua izan da. Gaur. Hemen…. Lapurrak itzul dezala”.

»Nik ez nuen lehengo lekura itzuli, nahi ez nuelako; eta kito. Zuk atea itxi zenuen orduan eta zutik jartzeko esan zenigun han geunden guztioi, banan-banan patrika guztiak miatuko zenizkigula-eta, erlojua topatu arte. Hori bai: den-denok begiak ondo ixteko, ikasle begi-itxiei bakarrik miatuko zenizkiela-eta patrikak. Guztiek begiak itxi zituzten eta zu patrikaz patrika ekin zenion miaketari… Niregana iritsi zinenean, hantxe aurkitu eta jaso zenuen erlojua. Bilaketa-miaketa amaitzean: “Zabaldu begiak. Honatx erlojua!” esan zenuen. Zuk ez zenidan niri ezer esan; behin ere ez zenuen gertaera aipatu; egundo inori ez zenion nire lapurretarena salatu…

»Egun hartan, zuk salbatu zenuen nire duintasuna betirako. Nire bizitza osoko egunik lotsagarriena, uzkurrena, damutsuena gertatu zen; eta barrenak halakoxe imurtxi, atximur edo ximikoa egin zidan, hainbesterainokoxea, ezen lapur gaizto edota lagun txar izatetik libratu baininduzun behin betiko. Zuk ez zenuen sekula santa deus ere esan; eta akordatu izan naiz ni bi aldiz! Zinez eta minez akordatu ere… Hitzik altxatu gabe, zigorrik ipini gabe, ezeren errurik ezarri gabe, den-dena adierazi zenidan. Argi eta garbi jaso nuen mezua. Ai, hezitzaile guztiek aldi bakoitzean horixe egiten balekite…! Aizu, maixu: ez al zara, bada, oroitzen? Gogoan izango duzu, bada, kontatzen dizudana, ala…!?».

Maixu zaharrak, orduan, esku bat makuluan, bestearekin belarri atzean hazka egiten zuela, honela erantzun omen zion ikasle ohiari:

—Historia hori gogoan dut, bai: erloju lapurtuarena, ikasleen patriketan bila ibili nintzenarena… Zu, ordea, ez zintudan gogoan. Izan ere, bila-bilaka nenbilela, neuk ere begiak itxita baineramatzan.

Bizargorri, 2019-12-18

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2019
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031