Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

IKASBIDEAK

Alde batetik, “esku batek ezin omen duela egin bi eskuk egiten dutenaren erdia” irakurri nion X. Amurizari; bestetik, “arriskurik gabe idaztea baliorik gabeko literatura batekin aseguru-kontratu bat sinatzea omen dela”, Anjel Lertxundiri (I. Bachmann idazle austriarrarena aitatuz); gainera, pelikula batetik jasoa daukat honakoa: “Jainkoa barrezka ipini nahi baduzu, kontaizkiozu zure egitasmoak”… Beraz, hiru zera horiek kontuan, arriskua hartuta idatziko dut nire erara gaurko hau, Cleveland-eko Regina Brett izeneko dama urtetsu baten ikasbideak gure euskarara baliatuz (hahor “bi esku”-rena: neurea eta harena); eta barre egin dezala nahi duenak, horra!

«Bizitza ez da, ez, justua; ederra bai, ordea. Bizitza motzegia da aiene eta aiumaka denbora alferrik galtzeko. Negar egitekotan, negar egizu norbaitekin; bakarrik egiteak baino gehiago laguntzen du eta. Ez zaitezela bizitzarekin auzitan aritu, tirabiran; gaurkoa gaur bizi, gaurkoa gaur aprobetxa, topera!

Baldin txokolatea bada gorabehera, alferrik zabiltza, alfer-alferrik eutsiko diozu grinari. Estuasunean bazaude, arnasa har ezazu sakon, horrek beretzen du burua. Esanak esan, ikusiak ikusi, sexu-organorik garrantzitsuena burmuina da. Ez ezazu ezer serioegi hartu.

Sekula ere ez da berandu haurtzaro zorioneko bat bizi izateko; bata, joan zen; bestea zeure esku dago. Inortxo ere ez da zure zoriontasunaren erantzule, zu zeu zara. Oraindik ere onik onena iristeko dago; izan fede eta egin aurrera. Badaezpada ere, onezkoak egin itzazu zure iraganarekin, oraina porrotera eraman ez diezazun.

Baldin gure arazo guztiak bilduko bagenitu eta lagun hurkoarenak ikus ahal bagenitza, geureekin segitu nahi izango genuke, noski. Gure bizitza ez zaigu kiribizto eder batez lotu-bildurik eskaini, baina, hala ere, erregalo bat da. Ez ezazula, gero, beste inorenarekin alderatu zure bizitza, ideiarik ere ez daukazu-eta nolakoa den benetan haien ibilbidea. Ez dezala zugan eraginik izan lagun hurkoak zuregatik pentsatzen duenak; ez zaitzala horrek kezka. Enbidia, berriz, denbora galtze bat da: zeuk baduzu behar duzun guztia.

Ez duzu zertan eztabaida orotan gailen irten beharrik; konforma zaitez konforme ez egotearekin. Barka iezaiezu guztiei guztia. Amore eman ezazu. Izan zaitez bitxi, xelebre, eszentriko orain; ez egon zahartu zain.

Atera zaitez egunero, mirariek nonahi itxaroten dute eta. Bizitzan zeuk nahi duzunaren atzetik bila-bilaka zabiltzala, ez ontzat etsi ezezkorik egundo. Edozein duzularik ere egungo egoera, on xamarra izan edo txar xamarra izan, egunen batean aldatuko da, alafede. Egoeraren bati penagarria irizten diozunean, koka ezazu honako hitzon inguruan: bost urte barru, honek guztiak axolarik batere izango ote du?

Ez dio inportiarik nola sentitzen zaren…; apaindu zaitez eta zoaz. Piztu argiak, erabil izara politak, jantzi soineko garestiak; ez itzazu gorde okasio espezialetarako; gaur duzu egun espeziala. Utzi alde batera baliagarria, polita edota alaia ez den guztia. Azken finean, bene-benetan axola diona hauxe da: maite izan duzula. (…)».

Honaino, arriskua hartuta bi eskuk idatzia. Ez al zen barregarri aterako! Hiru eratara egin litezke gauzak: ondo, txarki eta nire erara. (Robert de Niro).

Bizargorri, 2020-02-05

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2020
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
242526272829