>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ZENBAKIEN INAUTERIAK

Egunotan, inauteriak direla-eta, badabil euskal herrietan festa hotsa eta jolas anabasa franko, mozorro jantzi eta itxura aldaturik ugari. Betiko Lantz eta Tolosa famatuetan aparte, inauteak dira bizi-bizi beste hamaika bazterretan ere: Zalduondoko “Markitos”, Behobiako “puska biltzea”, Laudioko “sorgina”, Oiartzungo “kuestaziyua” eta intxixuak, Abaltzisketako txantxo eta dantzariak, Lesakako “zakuzaharrak”, Uztaritzeko “zanpantzarrak”, Bedaioko furgoneta, Altsasuko “momotxorroak”; Altzürükü, Hondarribia, Aretxabaleta… Eta beste asko eta asko, inauteriak berriro piztu nahian han-hemen; erdi galdurik egon izan diren tradizio zaharrak, aldatuz-moldatuz-eguneratuz, mantentzen.

Mozorroak prestatzen aritu izan da egunotan etxe-gorde askotan jendea, lege zaharrean. Eta nik neuk ere, zerbait  ez-ohikoa egin nahi ba eta, zenbakien mozorro zahar bat josi eta prestatu nahi izan dut aurtengo inauterietarako. Izan ere, dantza eta bertsolaritza eta herri-kirola ondare tradizional deklaratuak izan diren bezala, ez da ondare kaskarragoa, inondik ere!, euskaldunon ahozko tradizioa; alegia, aitona-amonek beren bilobei edota aita-amek seme-alabei etxe zuloan kontu eta kantu zaharrak kontatze eta kantatzearena. Zertarako?, eta gure iraganak geroan ere iraun dezan, baldinbaitere. Orixe: «Geroak esan beza: erri bat izan zan; edota ats emaiogun ontan iraun dezan».

Eta nago ni, pesimista halakoa, gure umeekin kontu eta kanta gutxitxo (edo batere ez) egiten ez ote den aspaldian euskal etxeetan. Nork dio, non eta noiz, euskal kanta zaharrik kantatzen edo istorio antigoalekorik kontatzen bere umetxoari euskaraz!? Inork gutxik, ala egia, demontre! Hitzen mozorro festa eta jolaserako, inauteri egunok begitandu zaizkit oso aproposak neure ilobei “zenbakien inauteriak” erakusteko, niri amak eta amonak esaten zizkidatenak. Hona zer eman diedan eta gustatu egin zaie, bene-benetan:

«bat, martin parrat;

bi, patxi ipurdi;

hiru, kolkoa bete diru;

lau, zakurrak jango al hau;

bost, kakatan plost;

sei, sillan exei;

zazpi, katuari xapi!;

zortzi, ipurdia igortzi;

bederatzi, gonak kendu ta galtzak erantzi;

hamar, amamak mar-mar».

Gauza jakina da ahozko tradizioan bertsio eta mudantza elemenia izaten dela, inauterietako mozorro-jantzietan bezainbeste. Hor arestian ipini dizudana Ormaiztegin ikasia da. (Memoria ere eskas samarra dagoeneko nik, eta baliteke tranpatxoren ere egin izana, horretarakoxe daude-eta inauteriak, zer arraio!). Nahi izanenean, Google orojakileak erakutsiko dizkizu beste bertsio batzuk; baita Oskorrik kantatuta ere; baita “Baga, biga, higa, laga, boga, sega, zai, zoi, bele, arma tiro pum!” hura ere… Kontatu ez ezik, kantatu ere egin diet nireei:

Amamak magalean, aitonak altzoan,

zenbakien jolas hau gaueko “pa!”-txoan

bilobari kontatu patxada mantsoan,

geroan iraun dezan sortuak atzoan.

Bizargorri, 2020-02-19

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2020
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
242526272829