Hausterre eguna dute kristauek gaur. Hogei mende luzeetako ohitura zaharrean, elizara joango dira eta, aldare aurrean belauniko jarrita, aldian aldiko apaizak erretako hautsa ezarriko die kopetan, honako hitzok esanez: “Memento, homo, quia pulvis es et in pulverem reverteris”; esan nahi baitu, gogoan izan dezagula andre-gizonok hauts garela eta hauts bihurtuko garela. Akabo eta fini aurtengo inauteri jai eroen festa zoroa; gaur dute garizumaren lehendabiziko eguna: haratuzte sasoia, barau aldia, penitentzia garaia…
Bestalde, berriz, fedea fede eta sinismenak sinismen, neguaren mutur busti hotzaren eraginez noski, badabil gaitza franko gure inguruan urte sasoi honetan (koronabirusa aparte utzita ere): ondoeza, eztula, txarraldia, gripea… Horiek guztiak gogoan eta laurogei urteetara bidean gabiltzanon “zahartrosia” ahaztu ezinik, dagoeneko ohitura egina du askotxok, urte sasoi honetantxe urtero, pixa eta odolak medikutara eraman eta analisiak, badaezpada, egitekoa. Jakin bai baitaki jendeak, ondotxo jakin ere, osasuna dela mundu honetako ondasuna, batetik; eta, bestetik, gaitzetan pixkatik etortzen dela puska.
Aurreko inauteri-igande eguerdian, kontuok kontari adiskideak elkarren konpainian Sokoako Eguzkilore tabernan geundela, hara non agertzen zaigun auzoko lagun-zaharra, Joxemanuel (Urretxukoa izatez, sasoi ederrean xut eta lerden dabilena bera), siniste sendoz esanez eta ziurtatuz, odolen eta pixen analisirik egin beharrik ez dagoela; badela beste sistema askoz errazago bezain fidagarriagorik. Gizasemeentzat, beti ere; hori bai… Harritu ginen pixka bat hasieran, txantxetan zetorrelakoan; baina interesatu ziren bertakoak denak azkenik gero guztiz, baldin bada eta ez bada, porsikasore…
Begi-belarriak zabal-zabalik geratu gintzaizkion zain-zain, inguru-jiran dozena bat gizon bai, ea zer demontre kontatzen zigun Joxemanuel gure lagun urretxuarrak; ea zer arraio egin ote zitekeen gure osasunaren berri jakiteko… Baietz eta baietz, berak; Ipinarrietako aitona xaharrari ikasi omen ziola berak behin eta, harrezkero, urte askoan, “funtzionatu” omen ziola berari; halaxe esan ere esan baitzuen: ”funtzionatzen” ziola sistemak. Han hari aditu bezalaxe dut sistemaren berri emango hemen nik; gero norberak ikus dezala sinetsi ala ez.
«Bat. Medikutara joaten eta txanda hartzen eta zain egoten ibili gabe, aski da etxe orube inguruko zelai mutur batera abiatu eta pixa egiten jartzea. Pixa egiten, bai. Egin orduko, baldin eta txingurri, inurri edo üinürrü, nolanahi ere diren intsektu txikiak agertzen badira, azukrea, diabetea, hemoglobina duzun seinale. Zenbat eta txingurri gehiago, orduan eta diabetesa larriago.
»Bi. Pixa egin ahala, baldin eta zerri-haragi erre usaina zabaltzen bada ingurumarian, kolesterola duzun seinale. Halere, ordea, Hats Duin Lurrindua baldin bada gehienbat (HDL), ona da zure kolesterola; baina, ai ene!, Lurrin Demasako Lardatsa (LDL) bada, oso txarra; oso!
»Hiru. Pixa egin eta gero, oinetakoak busti zaizkizula sumatzen baduzu, prostata duzun seinale. (PSA deritzana, edo Pixa Segituan Abarketara).
»Lau. Pixa egin ondoren, azken ttanttak kentze aldera pitilina astindu eta gero, baldin eskumuturrean min sentitzen baduzu, artrosia duzun seinale.
»Eta bost. Pixa egin ondoren, txilibitua sartzea eta brageta ixtea ahazten bazaizu, berriz, errukiena zaude, errukiena zaudenez, Alzheimerra duzu eta!».
Bizargorri, 2020-02-26