Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

EUSKERA ETA NORMALTASUNA

COVID-19a, astetik astera, hilabetetik hilabetera, fasez fase, badirudi joanean-joanean hobera doala, behin pandemiak gailurra jo zigunetik hona. EUSKARA-XXIa, berriz, hamarkadatik hamarkadara eta urtetik urtera, aldartez aldarte, badirudi batere hobera gabe, geroz eta okerragora doala, aurki hondoa jotzeko zorian, askoren iritziz. Uste (eta ikuste) genuen batzuek hemen hauetan bakarrik (Hondarribian, kasu) zela euskararen egoera eskandalagarria; baina bista pixka bat jaso, gainerako euskal herrietara begira jarri, eta, tamalez, badirudi normaltasunik apenas dagoen inon. Etsi-gaizto egin du jadanik askok.

Euskeraz ari diren gazteak (bakanak) elkarrekin zuka ikusteak tripetako mina eragiten dio adineko askotxori; eskolako hizkuntzak, berak berez soilik, ez du balio lagunarteko jolas, joko, bihurrikeria eta sesiorako; ahozko hizkuntzak, Euskaltzaindiaren arauak baino beharrezkoagoak ditu, askoz ere!, esapide fresko, bixi, propio eta naturalak, betikoak batzuk eta aldirako sortuak beste batzuk. Hizkuntza maiztasuna da; maiz erabiltzeak arnasberritzen du hizkera.

Nerabeek, izan ere, inguruan dagoenetik jaten dute, beste erremediorik gabe. Esate baterako, Gurutz Olaskoagari irakurri diogun bezala, egunotan Donostiako hondartzetara  joan direnek aholkuak jaso dituzte sarri-sarri megafoniaz; baina, azken 40 urteetan ez bezala, lehendabizi gaztelaniaz eta ondoren euskeraz. Ez da zera handia, baina joera adierazten du, gainbehera… Andu Lertxundik: «Jakin nahi nuke zein fasetan dagoen euskara leihatiletan, dendetan, epaitegian, anbulatorioan, telebistan; jakin nahi nuke konfinamendu betean dagoen ala bi-sei-hogei metroko distantzia gorde beharreko fasean».

Iazko maiatzetik hona ETB1 %2,4ko ikusle kuotatik %1era jaitsi dela eta, (ehundik 1ek ikus-entzuten du euskaraz telebista) hara zer zioen, besteak beste, Mikel Alvarezek BERRIAn: «Badirudi gurean gehiengorik ez duen norbaitek gidatzen duela ETBren estrategia. ETB1i limosna emanez, gure hizkuntzak mundu berrirako balio ez duela erakusten ari zaie belaunaldi berriei».

Laurogeita zortzi euskaltzalek hamabi galdera egin berri dizkiete alderdi politikoei: «Mendeetako bazterkeria jasan ondotik, neurri ausartak eta irmoak behar ditugu, eta hauteskunde garaiko promesak promesa hutsean ez gelditzea. Kezkarik baduzue euskararen erabilera oso apala delako gure gizartean? Uste duzue, EAEk dituen eskumenekin, euskararen normalizazioa aurrera eraman daitekeela? Zer neurri proposatzen dituzue? Hautagai izateko, bi hizkuntza ofizialen ezagutza eta erabilera derrigorrezkoa izatea ondo ikusiko zenukete?».

Joxe Azurmendik: «Euskal Herria nazio puskatua da, hizkuntza galdua dauka, foruak galduak dauzka, tradizioak galduak dauzka. Berregin beharra daukagun nazioa da. Eta berregiteko zeregin horretan, egiteko esentziala, berriro, euskararen indarberritzea da; zeren bera baita komunitate nazional baten ardatz». Eta Joxerra Garziak: «Gainerako guztiak alde edukita ere, ez gara oso urrutira iritsiko euskara aizkora bihurtzen ez dugun bitartean».

Normaltasunaren esperoan, gauden gaudenean gaudela (COVID-19aren ernaberritze posiblearen izuan; EUSKARA-XXIaren pizkunde irrikatuaren ametsean), Idurre Eskisabelek dio: «”Normaltasuna eta euskara” oximoron bat da». Oximoron borobila; esan nahi baitu: normaltasun berria, erreka lehorra, lukainka karratua, une eternoa, atsegin mintsua, argi iluna, musika isila…

Bizargorri, 2020-06-10

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2020
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930