Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ESANGO NUKE…! (1)

Hamaikatxo ateraldi edo esaera zelebre bada ohar isiletan jasoa eta gordea, norberari behin ikusitakoan gustatu eta inori sekula adieraziko ez zaiona. Neuk baditut makina bat han-hemengo paper zaharretan galduak. Zeuk ere, seguruenera, izango dituzu beste mordoxka bat… Gogo beroan apuntatzen ditugu zirri-zarra, gerora lotsa hotzean hiltzeko karpeta zaharretan mutu. Gaur batzuei behintzat bultz-eragingo diet, plazara ager daitezen behingoagatik. Ez dira onenak, ez txarrenak; iritzira hautatuak, baizik, inoiz nire gustuko izanak.

  1. Sexua naturaren parte da. Ni primeran moldatzen naiz naturarekin.
  2. Duda daukat: alperrok zerura joan goaz ala bila etortzen zaizkigu?
  3. Begirik zoliena izanda ere, egundo ez dugu geure bizkarra ikusiko.
  4. Teknologiaren ironia, horra: urrutieneko pertsonengana hurbiltzen gaitu eta hurbilenekoengandik urrutiratzen. Teknologiaren azioa.
  5. Munduan beti izango da jendea “zarena zarelako” maite zaituenik; baita, arrazoi berberarengatik, gorrotatuko zaituenik ere.
  6. “Eltxo maitea: ni banoa orain lotara eta mesedetxo bat nahi nizuke eskatu. Zergatik ez didazu, odola beharrean, gantza xurgatzen? Mesedez…!
  7. Osasuna ez da dena; baina, hori gabe, beste guztia deus ez da.
  8. Onak zaratarik ez du; zaratak, onik ez.
  9. Amodioa kimika da; ezkontza, fisika; eta dibortzioa, matematika.
  10. Hiru eratara egin litezke gauzak: ondo, txarki eta nire erara.
  11. Bizitzaz nintzen enamoratu ziplo: bera delako bakar-bakarra utziko ez nauena, neuk bera abandona dezadan baino lehen.
  12. Euskaldunok jende gisa atsegin gaituzte Madrilen; ez euskaldun gisa.
  13. Artile beltzak ere, zuriak bezalaxe, berdin babesten gaitu hotzetik.
  14. Gure aitona oso gizon ausarta zen; ergel-tuntunen beldur zen soil-soilik. Behin galdetu nion ea zergatik, eta: «Asko direlako –erantzun zidan–; gainera, gehiengoa direnez, Lehendakaria ere eurek dute hautatzen».
  15. Edo arantzak maitatzen ikasten duzu, edo arrosarik ez hartu.
  16. “Pobrea naiz, baina ondradua”. “Ezbeharrak ez datozela bakarka”.
  17. Zezenak kultura baldin badira, kanibalismoa gastronomia da noski.
  18. Alkoholak ez ditu arazoak konpontzen, ez; esneak ere ez, ordea.
  19. Oporren presta-lanetatik deskantsatzeko hartzen ditugu oporrak.
  20. Hain ondo mintzatu zaizkit zutaz, ze pentsatu izan dut hila zinela.
  21. Ez nago batere ziur Jaun Goikorik badenentz; baina, ziur nago, ziur, Hura ez dela nire dudagatik kezkatan egongo batere.
  22. Beleari ere eder bere boza… Eta sukaldari bakoitzari bere arroza.
  23. Luzaroan pentsatu izan dut bizitzan bakarrik geratzea dela gauzarik okerrena. Eta ez. Okerrenik okerrena hau da: bakarrik zaudela sentiarazten dizun norbaitekin bizitzen amaitzea.
  24. Ikastolan ikasitako guztia ahanzten zaizunean geratzen den zera hori da, hain zuzen ere, zorioneko heziketa.
  25. Tentazio batetik urruntzen iheska, hurrengoan erori ohi gara saiheska
  26. Septies in die cadit iustus. Egunean zazpitan jausten da zuzenena ere.
  27. Bi erbiren atzetik dabilen zakurrak biak galdu baietz!
  28. Aldatzerik ez dagoenarekin bakean bizitzearen artea da heldutasuna.

Bizargorri, 2020-06-17

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2020
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930