Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

TIPULA USTEL USAINA

Nire lagunik handiena ez da trumoi aldian beste tximistatxo bat gehiago izan zale. Baina, oraingoan, ezin izan du eskandalua isilean eraman eta suak hartuta etorri zait bereak eta asto beltzarenak esanez, UP Unidas Podemoseko Pablo Etxenike (barka, Echenique) jauntxo pika-buztanak, egun batetik bestera, adierazi, eta atzerarazi, dituenak aditu bezain pronto. So esan orduko, arre.

Ekainak 19. Agidanean, Estatu Batuetako zerbitzu sekretuen (CIAren) paper batzuen arabera, Felipe Gonzalezek (X jaunak), Espainiako Presidente zela, onartu/bultzatu egin zuen GAL (Grupos Antiterroristas de Liberación) talde kriminala sortzea eta zenbait euskaldunen odola nahierara isurtzea. Horren harira, EAJ, ERC, JxCat, CUP, EH Bildu eta BNG alderdi politikoek ikerketa batzordea eskatu dute, jakiteko: ea, 1, egiazkoak ote diren CIAren paper horiek; ea, 2, Gonzalezek ze ardura izan ote zuen GALen sorreran; eta ea, 3, Gobernu Sozialista (!?) hark ekintzotan parte hartu ote zuen… Eta zer uste duzu? -etorri zait nire laguna ernegu-aldi gogorrean galdezka-, ezetz asmatu!, zer erantzun purtzil eman dion Podemoseko Echenique zirtzil halakoak!? Paper horiek ez omen dutela deus berririk esaten; mundu guztiak ba omen zekiela hori dena; ez gaitzatela “distraitu”. To! Joan eta harrapa ezak zapoa buztanetik. Eta PP, Cs, Vox eta… PSOEekin batera, ikerketarik ez irekitzearen aldeko botoa eman. Duela ehun urte Josep Plàk esana geroz eta egia biribilagoa bilakatzen ari da: «Espainiako eskuindar baten antzekoena Espainiako ezkertiar bat duzu». Ez al zeukan gogoan bere alderdikide tokaio Iglesias “mototsek” esana duela lau urte doi, F. Gonzalez “X”-ek «iragana kare biziz zikindua zeukala»…? Ez al zeuzkan gogoan bere alderdikide euskaldun Pili Zabalak esanak eta jasanak urte askoan, anaia sekuestratu, torturatu, erahil, karetan hilobiratuaren kausaz? Oroimenetik zeharo galdu al ditu hemen urtetan izan den tortura sistematikoa? Rafael Vera, José Amedo, Intxaurrondoko Guardia Zibilak, José Barrionuevo, Rodriguez Galindo, García Danborenea, Julián Sancristobal, Miguel Planchuelo, Alfonso Guerra… Bere onetik irtena zen nire lagunik handiena, haserre sutan: «Hau dek hau tipula ustek usaie…!!!».

Ekainak 20. Jende askoren erreakzio purrustaden ostean, Pili Zabalaren “sinestezina, kezka, ezinegona, etsipena, aski da!…” hitz minberen ondoren: «UP-k babestuko du GALi buruzko ikerketa batzordea sortzea». Atzera egin behar izan du. Gaitzerdi: galtzarik ez eta galtzerdi; lotsak bistan erdiz erdi.

Ekainak 23. Kongresua, Justiziaren madrea, Madril: X eta GAL ikertzeko batzordea ireki? Ez. Ezta pentsatu ere. Aurten, San Juan sutara inor ez…!

Ekainak 24, gaur. Gauetik goizera notiziak aldatzen moldatzen joan dira. Tipula ustel usain hain gaixto honetan, bost galderok dizkit planteatu lagunak. 1. Malagan taxista batek, militar eta Voxekoen bizkar-zain izanak, PSOEko gobernari batzuen argazkiak tirokatu ditu… Zer, eman dezagun, euskaldun batek errege eta abarren fotoak balaz josi izan balitu…? 2. Arestian aipatutako torturatzaile, hiltzaile eta bultzatzaileak non daude…? Non nola zergatik daude Altsasuko mutilak isileko kartzela beltzean, oraindio…!? 3. Zer gertatzen da politikan, inor jator ustekoa agintera iristen denean, total gaizto petraltzeko…? 4. Vascook hain zitalak bagara, zergatik nahi ote gaituzte eurekin espainolek…? 5. Euskaldunok jende gisa horren atsegin bagaituzte Madrilen, zer demontre dela eta gorrotatzen gaituzte eta zapaltzen eta arbuiatzen euskaldun gisa…!?

Bizargorri, 2020-06-24

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2020
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930