>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

EUDEN BURUAK EDERTZERA

Legebiltzarrerako hauteskundeak heldu den igandean, aspaldiko partez, euskal herrietan. Ez herriz herriko udaltzainak (“kontzejalak”) hautatzeko, paratzeko, baina igual dio. Kontua da, zuk eta biok, gainerako herritarrekin, botatzen dugunaren arabera berean hautatuko ditugula politikoak, eta beren (h)aginte (p)ostuetan paratuko jauntxo-andereñoak (atzo arte txit arruntak, etzi laster txoil dotoreak), erabiliko dituztenak nahieran gure izarrak eta bizarrak… “Ez hautatu guziak igual diralako, bai zenbaitek bildurra sartu digulako”. Egin beharko dute biltzar gaitz franko, alajaina, gure arazoak estudiatzen eta soluzioak presentatzen. Beharko. Atsotitzak dio: behargile gaiztoa, erakusle on.

Eta horren harira, udal egoera ironiaz kritikatzen duen artikulu zahar bat iritsi zait eskutara: 1916an Ecos de Jaizkibel aldizkarian “Fraschcu” bixkorrak idatzia. Primeran datorkit… Euskera batuan emateak ez luke, noski, graziarik; ezta dagoen dagoenean emateak ere, seguruenean. Beraz, bada, orduko Irun-Hondarribiko euskeraren gatza eta piperra mantenduz nolabait (kategoria), gaur egungo gerta dadila nahi nuke (alegoria). Apunta ondo Fraxkuren esanak…

—Aizak, Iglesias. Enteratu al haiz kontzejal batzuek zer esaten duten?

—Ez ni; baina, gogoratzen zaidak zer izan leiken; ez duk gaitz asmatzia: eztirela sekulan onla bizitu, bake santu hontan.

—Hala uste duk? Gehientsuetan pasatzen zaiken bezala, hontan ere oker oa, ba. Lan gehiegitaz kejatzen dituk.

—Lan gehiegitaz!? Zertan aritzen dira, ba? Atxurtzen…?

—Ez, baina… Alegia, ziotek, lehenago bi minututan akabatzen zutela sesioa eta orain ia bi ordu pasatzen dutela.

—Ez ditek haxe ofizio txarra! Zer idea dute euden karguetaz? Etzaiotek orduan gogoratzen, kontzejal nahi dutela esaten dutenean, herriataz sakrifiziua egitera dihoazela?

—To…! Ederra duk horixe. Etzaiotek orieri gogoratzen euden buruak edertzera dihoazela besterik, motell.

—Hala bada, sinisten diat esaten dukena: han preso egoteak min emango ziek…

—Eta, gainera, erdi haserre bezela omen zioztek, Prudentxiok gauza guztietaz preguntak egiten dituelako.

—Hori ere bai…? Gogor xamarra duk, haatik, hori. Zer da, bada? Eudek dena badakite? Edo, ez jakin-ta, etzaiote ajolik…!?

—Ez. Alegia, esan nahiko ditek, haren galdetzearekin, eta trabak jartzearekin, denbora galtzen dela edo…

—Bai, lehengo bizio txarrak dituk horiek; baina komeni duk pixkat sufritu azitzea, ikas dezaten ondo euden obligazioa. Hurren boto denboran, pentsatuko ditek hobeto komeni zaien edo ez. Ez dezatela uste izan, kontzejal egiten dela, prozesioetan beltzez jantzita ibiltzeko, eta meriturik handiena duela musikaren konpasean pausua hobeto eramaten duenak, baizik gauzak hobeki estudiatu eta soluzioa presentatzen duenak… Biñon…, esan zak: zein dire horrelako arrazoi ederrak ematen dituztenak?

—Hurrengo batean esango diat; gaurkoz aski duk horrekin. (Fraschu).

(Bihar ezin eta gaur nator… Gaur San Fermin, ez Iruñean ez inon, aurten festarik gabeko eguna… Prudentxio nor ote zen? Beti-betiko endreda-makila zailen bat).

Bizargorri, 2020-07-07

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2020
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031