>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ALBISTEETATIK TXISTERA

Joan den igandean izan genituen, hala Galizian nola Euskal Herriko hiru probintziotan ere, Legebiltzarrerako hauteskundeak; edo beste modu batera esanda, maskaren azpiko bozak. Enteratu ez dena ez da mundu honetan bizi… Zin dagit, zin-zinez, azken bost egunotan begiak zorrotz eta belarriak erne erabili ditudala handik hemendiko notiziak aditzen, iritziak jasotzen, apunteak hartzen; zertarako?, eta gaur orri hau txukun betetzeko, ez beste ezertarako. Hemen dut aurrean paper puska mordoa, zirriborro piloa, albiste andana… Eta orain badakizu zer…? Albisteetatik txistera noala, horra! Kokoteraino eginda nagoelako hainbeste iritzi-miritziekin (ezerk ez gaitu geure iritziak baino gehiago engainatzen), baita hainbeste jakin-txuloekin ere (gehien dakienak ere, ezin du botoa bota besterik; alferrik). Egunotako albisteok berriak diruditen arren, zaharrak begitantzen zaizkit niri oso. Ondorengo txistea bezala: hemen berria den arren, ezaguna gertatuko zaizu zuri, ziur. Baina utz nazazu gozatzen…

Alaba koxkorrak aitari galdera eginik izango zion behin, ea politika zer zen, ez zuela entenditzen eta. Aitak gisa honetan erantzunik izango zion:

—Begira, alaba. Imajina ezan gure etxeko martxa. Nik neuk, hasteko, “kapitalismoa” adierazten dinat, neu naizelako etxera dirua dakarrena… Zuen amak, ordea, “gobernua” adierazten din, berak gobernatzen duelako ekonomia. Entenditzen al didan…? Bestalde, berriz, neskamea “langile klasea” dun, bera arduratzen delako zeregin astun azkengabeez… Era berean, horratik, hi heu haiz “herria”, heuk diok-eta sistemari onura ateratzen… Eta, gainera, azkenik, denek dutelako politikan tokia, hire anaia ttikia dun “herriaren etorkizuna”… Etxean daukan adibiderik onena: entenditzen al didan orain politikarena…?

—Ez, ba, aita –alabaren erantzuna–. Ez dut tutik ere entenditu.

—Laaasai –aitak–. Handitan entendituko dun, txikia hago oraindik eta.

Gau hartan bertantxe, anaiatxoa negarrez txikitzen hasi eta hara non esnatzen duen gure neskatxa. Inor ez jiran, inor etortzen ez… Jaiki eta joan zaio sehaska ondora laguntzera. Kakaz josirik zegoen ume gajoa, ordea, eta pixoihal garbiak behar ziren derrigor han. Laguntza bila gurasoen logelara sartu eta ama tripaz gora zurrungan topatu zuen. Eskua ukitu, belarria tiratu, bizkarra astindu…, ezin inola demontre esnatu! Aitaren arrastorik ez…

Neskamearengana joatea erabaki zuen orduan gure neskatxak, beste laguntzarik inondik ezinean. Haren logelara sartuta, han zer ikusiko?, eta… aitaxo neskamearen gainean! Alabatxoa zurkaizturik, noski, harri eta zur…

Gauak mutu segitu zuen bere bidean egunsentira arte.

Gosariko orduan, sehaskako umetxoa ordurako txit garbi eta txukun, gainerako etxeko denak mahaian jiran koxka hemen eta xurrut han zihardutela, alaba koxkorrak hala esanik izango zion aita alproja makurrari:

—Aita, bart entenditu dut zer den politika.

—A, bai!? –aitak harrituta-. Eta zer dun, ba, alabatxo? Esaidan.

—Kapitalismoak langile klasea zapaltzen duen bitartean, gobernua lotan axolagabe; herriari inork kasurik ere ez; eta etorkizuna, kakaz betea!

(Ez dakiguna da amak zer zuen ulertu, esplikazioak eskatu ote zituen eta nola amaitu zen hura. Txistea honela da; ezin pasatuko gara albisteetara berriz).

Bizargorri, 2020-07-15

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2020
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031