Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ESANGO NUKE…! (3)

Esango nuke, kuanto! Hamaika ateraldi xelebrek, burutazio mamitsuk, esaldi pollitek saltatu izan digu belarrietara edo begietara, ttak!, ustekabean, zertan edo hartan egonean ari ginela. Honako hau duzu hirugarrena, blogean bidaltzen dudana. Izan ere, irakurle zenbaitek segitzeko eta segitzeko esan dit, esaldi motzak beti direlako ulertzen askoz ere errazagoak, luze korapilatuak baino. Beraz, bada, tori nire gaurko potpourri hau, nire lanaren aitzakiatzat eta zure denbora pasaren entretenigarri.

  1. Eternitate biren tartean urte batzuk bizi ohi gara; horixe da bizitza.
  2. Nola esaten da txineraz: “emakumea hondartzan dagoela”. Eta: “Kontxi Kontxan, kontxo!”.
  3. Iparretik hotza ta hegotik errea; gehiago bagina gu, agudo gerrea!
  4. Zergatik edaten dudan nik? Zergatik…? Nire ingurumariko pertsonak interesanteagoak bilakatzeko.
  5. Mundua konpontzen hasi aurretik, emaizkiozu zeure etxeari, eta haren inguruari, hiru buelta.
  6. Behin ere ezin gara ortzi-mugara bertaratu. Ortzi-mugak tranpa egiten baitigu: hurbiltzen garen istanteko, dagoeneko ez da han!
  7. Espainiako eskuinaren antzik handiena duena Espainiako ezkerra da.
  8. Ezerk ez gaitu geure iritziak baino gehiago engainatzen.
  9. Halabeharrak banatzen ditu kartak, bai; geuk ditugu, ordea, jokatzen.
  10. Behin batean izan zen hutsik batere gabe mintzatu zen bat; eta ez zion inork ulertu. Azken hiztuna ote zen, pentsatu zuen berekiko… Baina, gertatu zen jendeak natural-natural segitu zuela hizketan. Akatsekin, noski.
  11. Azken hatsetan bazaude (bitxia da, gero), mundu guztiak zaitu maite.
  12. “Don-doña” izenak ez ohi dakar beti on-duina izana.
  13. Bai, mutil, guk e garai batean/ gaztetasuna bagiñun/, bañan geroztik kontsuelorik/ guretzat etzegok iñun/: len bigun ziren gauz danak gogor/ ta gogor ziranak bigun/, ara zartzeak zertarañoko bentaja ekarri digun! Uztapide.
  14. Arrimuak igurtzia dakar beti; igurtziak, ordea, ez beti arrimurik.
  15. Arimaren hilezkortasunaren froga nagusietako bat da milioika jendek hala sinesten duela. Lurra laua zela sinetsi izan zuten jende berbera da.
  16. Gizonezkoei barkamena beren akatsengatik eskatzen erakusten zaie; beren arrakastengatik, emakumeei.
  17. Gerra ostean tolosar dama batek Albistur-ko bi neskari, esamina bat egin ondoren kalean zihoazela: «Has sabido la lección, Joxepa?». Eta erantzuna: «Medio culo…». (Erderaz apenas zekiten-eta, “erdi-ipurdi” esan nahian).
  18. Atzera itzultzea da etxetik irtetearen onena.
  19. Zorionekoa bere buruari barre egiten diona, ez baitzaio jostaketarik sekula santa faltako.
  20. Eskela batekoa: «Zu ikusteko nahikoa dugu gure begiok ixtea».
  21. Hiru “tasun” ditu siesta on-on-on batek: isiltasuna, iluntasuna eta bakartasuna. (Bueno…, azken hau ez da beti-beti ere behar-beharrezkoa).
  22. Ezer zuzentzen badiozu jakintsu bati, jakintsuago egingo duzu; aldiz, ergel-tuntun bati ezer zuzenduenean, zeure etsai duzu bihurtuko.
  23. Abereek ez dute hemen euskera galdu, eskolara joan ez zirelako.

Bizargorri, 2020-07-22

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2020
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031