Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

GAUERDITIK SEIETARA

Aurtengo udan ez da atarramendu onik hemengo (eta hango eta haragoko) gazteentzat. Zoritxarreko koronabirusa gazte koadriletako lagun petral gaizto egin nahian dabil temati, eta ez da festarako aukera egokirik inon. COVID-19ak kutsatu ditu herriak (herrien zerrenda ez zait kabitzen), zapuztu ditu festak (beste horrenbeste) eta, aste honetantxe, itxi ditu diskotekak eta pub-ak eta dantzalekuak oro gauerditik goizeko seietara bitarte…

Batetik, hortaz, galarazia dago erabat gaueko aisialdia; baita auzo-zoko edo parke-bazterretako kale-zurrutak ere. Bestalde, nora edo hara oporretara joan nahi izanenean,  erne! Joan agian bai, baina auskalo noiz eta nola itzultzen utziko dizuten. Gainera, Frantziak Kataluniara ez ibiltzeko, Ingalaterrak iberiar penintsulara ez sartzeko, Amsterdam eta abarrak blindatu dira ohiko turismo masiboaren kontra… Non diren festak, hantxe oharra: «Hona ez etorri, otoi!».

Aurtengo abelera eta panorama halakoxe motza izaki, zer demontre egingo du, bada, jendeak, hala gazteak nola besteak, zer…!? Normala den bezala, noski, hirian eta herrian ezinean, bazterretara jo; esan nahi baitu, baserrietara eta landa eremuetara dabilela amorratuta ihesi jendea. Zer egin, izan ere, asteburu oro erotan, festa galarazia baldin badago gauerditik goizeko seirak artean…!?

Honek guztiak urrutira eraman nau ni neu ere; urrutira oso, distantzian eta denboran. Hiru belaunaldi ezagutzen du gutako bakoitzak normalean: geurea (bizitzez), gure gurasoena (aditzez) eta gure ondorengoena (zaintzez). Hiru belaunaldi, beraz. Gure gazte denboran egindakoak kontatzeko garaia ez da ailegatu oraindik (azio bihurri xamarrak egin genituelako geuk ere gaztetan, txintxo askoak izanagatik). Baina gure ondorengoena (egungo gazteena) eta gure aurrekoena (aita-amena, alegia) konparatze aldera, istant batean gogora etorri zaizkidan bi pasarte kontatuko ditut, llabur-llabur, gaurko gazteek zer egin asmatu ezinik badabiltza, jakin dezaten zer-nola pasatzen zituzten asteburuak gure gurasoek, ustez-eta parrandan, baserrietan, landa-eremu zaharretan.

Bat. Ormaiztegin, gerra ondorengo urteetan, zapatu edo jai arratsaldetan tren-estaziora joaten ziren denbora-pasa herriko gazteak. Trena jendez beteta aurrean gelditzen zitzaien aldiro, itsu batek eskusoinua jo txun-txunpa-txun…! eta dantzari ekingo zioten, bidaiari harrituen entretenigarri. Ormaiztiarrek soineko, sonbrero eta bitxiak miretsiko zituzten. Turismo sistema antigualekoa. Mutilek zahatotio ardoa dzanga-dzanga edan, neskek Lointziko iturriko urari antoxinetatio xurrut eta murrut… Festa ederra izaten omen zen hura, zera! Ilundu aurretio etxera. Errosarioa errezatu eta hamabitako lo. Seietan, xut!

Bi. Gure aita Sebastian zena Ormaiztegitio joaten zen Zaldibiara igandero gure ama Mariana zena kortejatzera eta, bide batez, dibertitzera. Herriko plazan musika: “Tengo una vaca lechera…” dantzatu (arrimatu gabe, gero!) eta zazpiak aldera hortxe-hortxe, oinez lagunduko zion ia ordubeteko bidean (neska-laguntzea) baserriraino, Arruraino. Han etxekoak agurtu, mokadu-lege bat egin eta atzera berriz buelta: Zaldibiara jaitsi, bizikleta hartu, Ormaiztegin afaldu, ukuilua gobernatu eta hamabiak aldera lotara… Gero goizeko seietan trena hartu estazioan eta Zumarragara, Orbegozonean txofertza lanak egitera.

Garai hartako neska-mutilak, seguruenera, gaurkoak bezain zoriontsu biziko ziren, gauerditik goizeko seietara mundua zeharo ilun itxia bazuten ere.

Bizargorri, 2020-07-29

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2020
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031