Leon Berrotaranek, bere eskifaiarekin, 1881ean estreinakoz lortutakoa, aurten hamalaugarren aldiz, azken hiru urteotan elkarren segidan, eskuratu dute Hondarribiko arraunlariek: Kontxako Bandera, alajaina! Ez da balentria makala, sekula santan hemen hauetan ahantziko ez dena; ez, alafaede…! Baina aurten, birus malapartatu hau medio, ezin izan da ospakizun jendetsu handirik egin herrian. Bai, ordea, udaleko aretoan gutxi batzuek Banderari ongietorria eginez. Hona hemen Txomin Sagarzazu jaun alkateari ipiniak nizkion bertsoak. Berak, zenbait zinegotzi eta arraunlarirekin batera, kantatu zituen. Hahor:
(Doinua: «Gitarrarekin doinu berri bat…» Oskorri).
Aurten berriro hementxe gaude
hirugarrenez segidan:
ene, Kontxako Bandera honek
zer poza ematen didan!
Hondarribian kanpaiak ere
txoratu dira dilindan
deklaratuaz herrian arraun
lanean zenbat egin dan!
Hondarribia harro berriro,
poza zoramenekoa:
guk trainerua lemixi eta
txopan aldamenekoa…
Txalogarria Bidasoako
arraun urtez urtekoa:
milaka esker ta Gora gure
«Ama Guadalupekoa»!
Bi mila eta hogeigarrena,
irailak aurten hamahiru:
hiru urteetan Hondarribiak
Kontxatik Banderak hiru!!!
Gutxi batzuok hementxe gaude
udaletxean testigu:
birusa birus, pozaren poza
inork kenduko ez digu!
Onik onenak jarrita ere,
parekorik ezin topa;
gure mutilei deusek ez die
balentria hau oztopa…
Txanpaina kopan harturik, beraz,
egin dezagun gaur “topa!”:
Kontxan hamalau-garren Bandera
gure herriari opa!
(Jexuxmari Mendizabal Iraola “Bizargorri”-k Txomin Sagarzazu alkate jaunarentzat jarriak).