Gu ume koskor ginela, herri txiki eta ertainetan gutxienez, etxero bazen eskopeta edota karabinaren bat; etxero bazen baten bat ehiztari. Gazteak eta helduak uso, birigarro, kurrilo, zozo, erbi, katajineta, galeper, uroi eta abarren bila ibiliko ziren baso hurbilean edota urrutiko lurretan, eskopeta ondo zainduak hartuta. Ume koskorrok, aldiz, etxe inguruan saiatuko ginen gure tiragoma edota karabina hartuta moko-motz, txepetx, tarin, xagu, ziraun, txantxangorri eta halakoen atzetik. Animaliez inguratuak bizi ginen eta haien ehiza ohitura zabala bezain onartua zen, arbasoengandik ikasita.
Bestalde, baserrian jaio eta umetan bertan bizitzeko aukera izan genuenok abere mordoa genuen bizilagun, etxean bertan edota etxe-ordean. Oilo, ardi, txerri, behi, katu, zakur, idi, asto, ahuntz… Basoa eta erreka ere hurbil genuen. Animaliez inguraturik bizi ginen eta umetatik ase zitzaigun haienganako mira. Beinke. Ez hala, ordea, gure ondorengoei, agidanean. Geure etxean bi alaba jaio ziren. Kaletarrak. Nerabe arora iritxi orduko, batek zakurra behar zuela eta zakurra behar zuela eta ez zuen etsi lehengusu bati kumetxo bat eskatu eta etxeratu zigun arte. Gero, jakina: berak astirik ez zaintzeko eta aitak atera behar izaten zuen egunero paseatzera…. Beste alabak, berriz, katua zuen nahiago. Eta mutil kuttun batek uzten bazuen, katakumea erosten zuen: hala bizpahiru aldiz: nobio berria beretzat, aldiko katua gurasoontzat…
Eta ea zertara ote datorren hau guzti hau…? Bada, egunotan bati baino gehiagori irakurri diodalako orain basoan animaliak (batez ere, hegaztiak) falta omen direla. Geroz eta gutxiago ikusten omen dira; geroz eta gutxiago entzuten omen ditugu haien kantak… Ez naiz ni hori guztia hala ez denik esaten hasiko, Jainkoak goarda! Dakienak badaki. Gainera, gu orain hirian bizi gara eta, bistan da, ez dira gauzak berdin landan eta kalean. Gainera, irakurri ez ezik, aditu ere egin diot natura-zale askotxori basurdeak eta otsoak eta hartzak ere bertakoak omen direla eta berriro hemen tokia egin beharko geniekela. To. Ez dakit, ba…
Nik hauxe dakit, hara. Pandemia gaizto honekin badaramagu dagoeneko urtebete pasa. Bada, urtebetearen ondoren, begiokin ikusten ari naiz, egunetik egunera animaliak (hegaztiak eta bestelakoak ere) geroz eta ugariago ez ezik, geroz eta gertuago dauzkagula. Eta zeharo harrituta naukate. Zer pentsatu behar nuen nik zozo, birigarro, kuliska, buztanikara bat nigandik metro batera eduki eta niri begira geldi-geldi egongo zenik!? Zer pentsatu behar nuen nik txantxangorria esku ahurrean emazteak hartu eta trankil jaten emango zionik!? Zer pentsatu behar nuen nik Bidasoako bokalean betidanik urrutira ikusi izan ditugun ahate basak, piruak, gure sukaldeko leiho azpiraino etorri eta bertan, tipili-tapala, lasai asko ibiliko zirenik, guk, purra-purra, oiloak bailiran hartuz!?
Gainera, udaberriarekin salaraino sartzen hasi zaizkigun inurri, liztor, mandeuli, eltxo, erleak… Gainera, lehenago etxero ehiztari bat baldin bazen, egun etxero badira bi zakur, arratsero zau-zau-zau!!! zaunka enparagarrian… Gainera, goizero dozenaka badira, gure auzoan behintzat, gogaitzeraino “gógoik ez!, gógoik ez!” kantu geldo aspergarrian diharduten usapalak… Gainera, aurki omen dira kalerik kale basurdeak, azeriak, hartzak… Animaliak falta dituztela basoan…? Jakina, kaletar egin dira eta! Han gutxixko, hemen gehixko. Datozela beren landa eremutik gure hirigune edota aldirietara bila. Animalia batzuk hartu eta eraman ditzatela, ux!, bakeagoan biziko gara-eta gu.
Bizargorri, 2021-05-12