BIDASOAREN BOKALEAN (I) | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

BIDASOAREN BOKALEAN (I)

Bidasoaren bokalean gertatutako drama hau Florentino Porturen liburutako batean omen dator; eta niri Mikel Jauregi lagunak eskuratu dit, beste zenbait gehiago ere bezala. Testuaren idazlea Serapio Mujika da. Eta, ni neu bezalaxe, autore hori ormaiztegiarra zenez, ohore bat dut haren gaztelerazkoa hemen nik euskaraz ematea, non?, eta Hondarribian; zergatik?, eta kontatzen den gertaldi lazgarria hementxe bertan gertatu omen zelako.

Ezer baino lehen, irakurleak ez baldin badaki, badaezpada, argitu dezadan Urtubia eta Soroeta Iparraldeko bi etxe ahaltsu izanketu zirela joan direneko urte luzeetan: Urtubia, Urruñan; Soroeta, Uztaritzen… Gainera, nork ez du izan Nafarroako bi leinuen arteko bi mendeetako borroka latzen berri; agramondar eta beaumondarren artekoak, alegia…? Nork ez du Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, behe erdi aroan, Oinaz eta Ganboa familiek eragindako herra eta sarraskien aditzerarik…? “Esku batean zuzia ta bestean gezia”, euskaldunok betidanik geure arteko borrokan. “Zer egiten dugu…? Elkar jo!”. Baita Urtubia eta Soroeta ere, Iparraldean.

Laburtua emango dut, jauzika, Serapiok zabal eta xeheki kontatzen duen historia. Itzulpena eta laburpena nire gisara eginak, haren harian ariki beti ere. (Hondarribiko euskararen kutsua han-hemenka erakutsiz, on beharrez).

1605eko maiatzaren 26an, arratsaldeko hiruretan, Hendaiako partean amarratuta zegoen sabako edo txaluparen txikotea askatu eta jarlekuan eseri zen jaun dotore jantzia, bere pistola, sastakai, ezpata eta guzti. Fraile bat zuen lagun bakar; baita bateleroa ere, txalupako mutila. Urduri eta zalapartatsu zebilen nabarmen gizona. Uztaritzeko Soroeta oinetxeko jauna zen. Bateleroak arraunekin uretan plisti-plasta ekin zion instanteko, hara non jotzen duten hondoa, marea oso behean izaki. Abantean ezinean, sabakotik saltatu zuten fraileak eta biek, presaka, oinez noski, aurreraxego ikusi zuten beste bote baten bila. Hegoaldera behar zuten irago, Hondarribiara. “Hondar ibia”, hondarrezko pasa bidea. Zer arraio ote zuen Soroeta jaunak bere herria atzean uzteko…?

Bigarren sabakoaren bila ur eta hondarretan arin nahian motel zihoazela, hara non agertzen den Hendaiako aldetik Urruñako Urtubia jauna. Dozena bat morroi bazekartzan berarekin, armatuak denak; baita zakur mordoa ere zaunka bizian. Kaioak denak, airean garrasika, arrut…! Ordurako Soroetakoak eta fraileak hartua zuten bigarren botea eta Bidasoan beste aldera joaki ziren ihesi. Atzetik segika, beste ontzi batean, Urtubikoa bere jendearekin… Hura iskanbila eta istilua atzetik; hura estuasuna eta larria aurrekoena…  Marea biziak urak eramanak, ordea, eta halako batean, zarrast!, jo dute berriro ere hondoa aurreko iheslariek. Ez atzera eta ez aurrera, hirurek eginahalak eta bi eginagatik, pott…

Urtubiakoak, bere zakur amorratu eta morroi fidelekin oihuka eta mehatxuka, garbi ikusi zuen orduan ezin ihes egingo ziotela inola demonio. Izan ere, aurreko hiruei, beren sabakoa zalapartaka atera nahian, atera ez ezik, are eta gehiago hondoratu baitzitzaien hondar bigunetan. Ai, ene, bada…!

Ez zegoen han denbora galtzerik. Pertsegitzaileak, ia gerrirainoko uretan, ezpatak jasota, pozezko orroetan, geroz eta hurbilago zeuden iheslariengandik. Zakurrak ere igerika zetozen zau-zau-zau..! Soroetako jauna, berriz, heriosuhar, frailea eta txalupako mutila bertan lagata, oinez abiatu zen lehorrera nahian, noiz ur putzuan sarturik igerika, noiz ur-hondarretan motel, baldar, ezinka…

(Hurrengo asteazkenean dramaren jarraipena eta akabera).

Bizargorri, 2021-07-07

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2021
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031