DAMA BATEN ITSAS-BIDAIA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

DAMA BATEN ITSAS-BIDAIA

Aurtengo udara bete-betean, garaiotan hamaikatxo honen tankerako munduan gertatuko dela-eta noski, dokumentu bitxi hau argitara ematera ausartu naiz, lotsati. Handik eta hemendik ezkutuka ibili ondoren, neuk ere argi nondik eta nola ez dakidala, dama, señora edo andere ezkondu baten eguneroko sekretua iritsi zait, nonbait oporretan kruzero edo itsas bidaia batean sei egunez, berak bere baitarako, aurtengo uztaileko lehen astean idatzia. (“Kruzero” deitzea hobetsi dut, hau ez da-eta, baldinbetan, “gurutzaldia”).

Agidanean, senarrak lanagatik ezin etorria adierazi eta, bakardadearen penatxoz badarik ere, damak ez zion ukorik egin nahi izan itsas bidaia hari, hain ederra iritzita. Hala eginik izango zuen bere kolkorako: “Lanak, hor konpon denak. Non fandangoa, han nire zangoa. Gaurtandik gerora, penak zokora!”. Hona, xehetasun salagarriak isilean gordeta, damaren egunerokoa:

Lehen eguna. Itsasoratu gara. Txoria udaberrian baino pozago sentitzen naiz udaran ni. Kruzero zoragarri honetarako ongi prestaturik etorri naiz, hala jantziaz nola dotoreziaz ere, badaezpada. Giro atsegina da barkuan. Hau poza!

Bigarren eguna. Egun osoa itsasoari begira egon naiz; eder begira, egon ere. Zoragarria dago! Izurdeak bistaratu ditut sailean, baleak bakarka, baita nik ezagutu ez ditudan beste arraintxo batzuen sardak ere… Onez eta ederrez inor ez omen dela aspertzen esaten dute, eta zer egia den! Ederki hasi zaizkit oporrak eta esne mamitan bizi naiz oraintxe… Unetxo batean kapitaina ikusi dut pasatzen eta gizon interesantea begitandu zait…

Hirugarren eguna. Goi eta behe, ababor eta istribor, branka eta popa, gaur barkuaren bazterrak bisitatu ditut, eta entretenitzeko aprobetxatu. Branka gainetik ur zabalei begira, pelikula bateko protagonista sentitu naiz, golfean jokatu dut, lagunarte ezezagun batean; gimnasioko tramankuluetan izerditu eta saunan arindu naiz… Poz-pozez eztitan nabil.

Arratsean kapitainak, arren eta arren erreguka, bere mahaira gonbidatu nau, berarekin batera afal nezan. Ohorea izan da niretzat; nola ez, ba? Xarma duen gizasemea da, adeitsua, gisakoa…

Laugarren eguna. Kruzero edo itsas-bidaiok egiteko erabiltzen diren ontziak amaiezinak dira: zenbat areto eta eskaintza eta zoko bitxi, ene, bada! Erotzeko zorian nabil. Gaur kasinoan jokatu eta 200 euro irabazi ditut… Kapitainak bere kamarotera gonbidatu nau berriro gero. Luxuzko afari oparoa egin dugu, ostrak, kabiarra, txanpaina…, argizari eta guzti. Berarekin geratzeko eskatu dit, baina ezetz esan diot, ez nuela-eta senarrarekin desleial izan nahi.

Bosgarren eguna. Nahi baino hobeto, oparo eta gozoro, bizi naiz. Gaur piszina eguna jarria neukan eta bertan eman ditut orduak, bainatzen, irakurtzen, eguzkia hartzen… Pittin bat erre naizen arte. Orduan, tabernako itzalera joan naiz pianoa entzutera. Han nintzela, kapitaina agertu eta kopatxo batzuk hartzera gonbidatu nau. Egia esan, liluragarria da gizona eta betargi egon natzaio. Ea gaua berarekin pasatuko nukeeen galdegin dit berriz ere; eta nik, berriz ere, ezetz. Orduan, etsi gaiztoan haserre errean jarrita, hurrena ere ezetz esaten banion, berak barkua hondoratu egingo zuela mehatxatu dit…

Seigarren eguna. Badut bihotzean halako gozo bat txit handia: gaur mila eta seiehun pertsonen bizia salbatu dut nik…, lau aldiz salbatu ere!

Bizargorri, 2021-07-21

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2021
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031