BANOA ETA ADIO | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

BANOA ETA ADIO

Duela hogeita hamaika urte, 1990ko maiatzaren hiruan, «Zer soma dagoenarena» titulupean, Felix Ibargutxiren eskutik, atera zen argitara nire lehen artikulu edo zutabe edo dena delako orri beteko idazlana DVn, Txomin Garmendiarenaren aldamenean. Koplatxo honekin eman nion hasera: «”Behin hasiak egina dirudi” hainaxe/, esamina dezadan “dirudi” non ase». Eta badirudi dagoeneko ondotxo ase dudala, baldinbaitere! Izan ere, duela hogeita hamaika urte hasitako betelana (tartean hiru bat urteko hutsunearekin), astero-astero artikulu bat argitaratuz, bada zerbait. Hala esango nuke…! Gutxi gorabehera, mila eta bostehun bat orrialde, alajaina! Hiru nobela looodi.

Ez da hemen, ordea, betikorik eta, kasualitatez, hara nola eman nion hasera lan luze honi guztiari: «Ba omen zen behin, errege eta gorte asper-asper egindako bat. Esan beharreko guztiak esanak omen zeuzkaten eta elkarri aditu beharrekoak ere ondotxo adituak. Ez zen beren artean aspaldi ezer berririk sortzen…». Eta horixe da, hain xuxen ere, niri (zuei begira) gertatu bide zaidana: ez zait zer kontaturik azkenaldi luzetxoan erraz sortzen eta, nire etenik gabeko asteroko arian arian, beldur naiz ez ote zaidan irakurlegoa aspertzen ari…

Ez dakit zer demontre gertatu zaidan, baina lehenago airoso eta errazki atseginetan egiten nuena (zutabeok idatzi, solasean-jolasean), azken boladan astun nekagarri bihurtu zait. Oso jaitsia nabil, sobra ere; ezindurik naizela dirudi… Iruditzen zait zer esanik ez daukadala orri zuriaren aurrean. Akitu naiz edo okitu; aspertu naiz edo alfertu; hustu edo kamustu… Auskalo; denetik zerbait, seguruenik. Jubilatu nintzen aspalditxo eta denbora badut idaztera jartzeko. Baina, inondik ere, astia ez da aski; behar da zerbait gehiago, noski…

Urteak ere ez doaz alferrik inorentzako, eta aldapa gora egiten zait sortze lana. Mendi gailurrak ere aparte utziak ditut aspaldi, despeditu nituen betiko; orain askoz maiteago ditut ordekako ibiliak, batere presarik gabeak… Horrek esan nahi du, aldapa latzak utziagatik, ibiltzeari (idazteari) ez diodala utziko; baina lur lauan, ordekan, zelaian beti ere. Eta honek esan nahi du, artikulu edo zutabe formatuan idaztea aldapa latza bada, itzulpenari helduko diodala, berriro helduko, horixe (itzulpengintza) suertatzen zaidalako garaiotan lur lau. Eta egia esan, hasia naiz dagoeneko hilabete askotarako zer egina emango didan itzulpen lan luze batean: ipuin zahar, historia xelebre, fabula harrigarri…

Eroso nahi dut gaurtik aurrerakoa bizi, lasai ederrean, estuasunik gabe. Kafea eta egunkaria(k), oinezko ibiliak eta bazter mira, erosketak eta sukaldeko lanak, irakurketak eta denbora pasak, tartekako asperralditxo bare-bareak eta, egunero-egunero, aldian aldiko itzulpena eginez (baita tarteka bertsoren bat edo idazlanen bat ere, jakina; inorekiko batere konpromezurik gabe, ordea).

Banoa blogetik, hortaz. Ez dut asteazkenetan ezer aterako hemen. Agur eta banoa. Ederra izan da iraun izan duen bitartean. Orri-orrika hogeita hamar bat urtean astero idazteak lana du berez berarekin, baita atseginik franko ere, alajainetan! Esango nuke, iritzi-oroitze-umore, ganoraz eta zintzo bete dudala blogeko nire egitekoa, hala luzean eta ugarian, nola mamian eta gaitasunean ere; gehienean, bederen. Arduraz eta maratz saiatu naiz ni aldiro irakurgai gozatsua eskaintzen, arta guzizko batekin. Nire letra-larre zabal honetan gustura entretenitu zaituztedalakoan nago; kontent naiz…

Banoa. Adio. Eta bihar zer…? Gaur, eguna bizitzen bada nahiko lan; eta “bihar” delako hori ez omen da sekula hiltzen. Hala bedi. Besarkada bana!

Bizargorri, 2021-07-28

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2021
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031