Iaz, ekaineko garaitsu honetan, bidaia gogoangarria egin nuen Mediterraneoan zehar, gure bi alabekin, Sea Princess trasatlantikoan. Ibilian genbiltzala, afaritako batean, adineko emakume gixen samar bat bistaratu genuen, jangelako mahaian bakar-bakarrik. Ikusi ere genuen zerbitzariek, ofizialek eta enplegatuek konfiantza handiz artatzen zutela, etxeko señora gisa. Harengatik galdegin nion gure mutil zerbitzariari, ustez-eta enpresako kide-edo izango zelakoan; baina, adierazi zidanez, kruzerontzian atzera-aurrera omen zebilen beti; beti-beti ez bazen ere, gehien-gehienean.
Gau batean behin, afaritakoak egin ostean kareletik haizea hartzera gindoazela, haren mahai ondotik iragotzean, «Gabon –esan genion–. Ontzi honetan ibili zale omen zaitugu…». Eta: «Bai, halaxe da; ni honetara nahia nago, aspalditxoan». «Bakar-bakarrik beti?», nik, eta: «Euskal Herriko erresidentzia bat baino merkeagoa da hau». «Zer? –nik–; nondik atera duzu konparazio hori…!?». Eta berak: «Esango dizut, ba; atsegin handiz. Jendeak ez daki. Ai, baleki…!». Berehalakoan, tablet bat atera zuen telazko poltsatik eta konta-kontari hasi zitzaidan, ni hitzik gabe utzita, muturik.
—Erresidentzia zaharrontzat, batekoz beste, eguneko 90etik 100 eurora bitarte kostatzen da. Galdetu, bestela, gure Gipuzkoa aldean. Sea Princess honetako egonaldia, aldiz (aurrez erreserba eginda eta erretiratuon deskontuarekin), eguneko 60 euro da. Beraz, kruzerorako 30-40 bat euro sobratzen zaizkit egunean-egunean eskuarterako. Hortik aparte, abantailak hemen bikainak dira, hamarrekoak! Begira:
«Bat. Propinatarako ez dut egunean hamar eurotik goitti behar. Bi. Eguna joan, eguna etorri, hamar aldiz ere jan dezaket egunean jangelan, nahi izanez gero; edo, kapritxoa izanenean, itsasontziko logela zerbitzua balia nezake; eta horrek esan nahi du, goizero ohean bertan gosaldu dezakedala. Hiru. Kruzerontziak hiru piszina dauzka, gimnasioa, festa-ikuskizunen bat gauero… Eder-suman gara sarri asko denok. Lau. Hortzetako pasta eta garbiketarako zera guztiak doan eskaintzen dizkizute. Bost. Bezero agurgarria zara zu hemen beti; behin ere ez numero bat, deitura hutsal bat. Propinatxo batekin zernahi duzu istanteko eskura.
«Sei. Lagun berriak egiten dituzu maiz-maiz. Zazpi. Telebista ez dabilela? Bonbilaren bat hondatu dela? Izarak…? Ez da arazorik: dena konpontzen dizute; barkamena eskatuz, gainera; ez daukat nire burua zertan bihurriturik. Zortzi. Mahaiko mantela eta ahozapia aldiro garbi-garbi. Bederatzi. Erori eta hezurren bat hausten bazaizu, kabinarik onenera eramango zaituzte, mediku, erizain, botika eta guzti. Hamar. Hego Ameriketara nahi duzula? Panamako Ubidea? Tahiti? Australia? Zelanda Berria? Asia…? Betiro izango duzu barkuren bat prest. Ez, hortaz, nire bila zaharren erresidentzia batera joan, kruzerontziko bidaldian izango nauzue eta.
«Eta bukatzeko, hamaika ikusteko jaioak baikara mundura, azken xehetasuna. Hiltzen naizenerako, nire familiarekin zeremoniarik merkeena adostua dut, eta aseguru konpainiarekin hitzarmena sinatua: kareletik botako naute itsaso hondora (sea floor) ni, itsasoetako printzesa (sea princess), batere gasturik gabe!, lurreko zerutik ureko zerura… Zerura edo zorura. Señora, señora, hiltzean zulora… Hauxe dago, ba, horra».
Bizargorri, 2016-06-08