Botoa emateko pronto badago dagoeneko hamaika tonto. Datorren igandean, han 26-J eta hemen E-26 izango denean, bozkatzera gonbidatuta zaude, nago, daude, daude, daude… Zertarako? Gu guztion politikari gidari agintari ugari izango direnak lau urtetarako izendatzeko, beren aulkietan paratzeko… Justiziaren aurrean denok igualak garela? Ez dirudi. Boto guzti-guztiei balio igual-iguala ematen zaiela? Hala dirudi. Boz-emaile guzti-guztiak igual-igualak direla!? Baita zera ere; zakurraren putza…! Azken egunotako tabarrak eta abarrak ahanzteko, egin ezazu nirekin barre pixka bat, boz-emaileen errealitatea negargarria da eta. Hona hemen bost adibide.
Bat. Gure etxekonak, auto berria zenarekin batera, autorako tresna polita, lanabes txorrotxa, aspalditxotik du erosia. Zertarako?, eta behin edo behin istripu kolpe gaiztoren batean bular-gerritako segurtasun uhala libratu ezinik geldituko balitz (halakoak ere gertatzen baitira inoizka), dzassta uhala moztu eta loturatik askatzeko, ahalik azkarren. Lanabes polit txorrotx hori, beti ere, autoaren atzeko aldean, maletategian eramaten du… Kaiku hau bere botoa emateko pronto dago.
Bi. Gure koinata, udararako, etxe bila zebilen atzo Malagan. Agentziako neskari galdetu zion ea iparraldea zein aldeetara zuen begiz jotako bizilekuak, ez baitzuen nahi inola ere eguzkiak etxean bete-betean eman ziezaien egun osoan. Neskak beste galdera batekin erantzun zuen: «Eguzkia iparraldetik ateratzen al da ba!?». Gure koinatak, ezetz, eguzkia sortaldetik, ekialdetik ateratzen dela (Atzo goizetik baino askoz ere lehenagotik, gainera!). Eta agentziako damatxoak: «Gertatzen dena da, ni ez nagoela tipo horretako gauzetan oso jarria…». Txaldan hau ere, botoa emateko pronto.
Hiru. Festa handia geneukala koadrilan eta Astigarragara joan ginen sagardo bila. Hamabina botellako bi kaja eskatu genituen, jakinik ehuneko 10eko beherapena agindua zeukatela… Sagardotegiko mutilak “bi kaxa bider ehuneko 10” biderkatu eta ehuneko 20aren beherapena egin zigun… Babo hau ere, botoa emateko pronto.
Lau. Joan den asteburuan, Tuteran lagunzahar batekin kalerik kale nenbilela, hara non topatzen dugun ezagun aspaldiko bat bere alabatxoarekin. Alaba hala moduz jantzia zihoan. Ez hori bakarrik; gainera, sudur-mintzetan uztai bat zeraman, eta handik lotua katetxo fin bat, ezker belarriko beste uztai bateraino. Nire lagunak zerbait ere esan behar, bada, eta: «Eta…, burua jiratzen duzunean, ez dizu kateak tiratzen?». Ezetz, ba, esplikatu behar izan zion gaztetxoak, belarria eta sudurra beti distantzia berean mantentzen direla, noranahi jiratu… Kirten hau ere, botoa emateko pronto.
Eta bost. Lehengoan, Londresetik bueltan, Bilboko Loiuko aireportuan nintzela, ezin aurkitu izan nuen bidaiako maleta kate garraiatzailean. Ekipaje galduen leihatilara jo nuen. Hango andreari nire maleta ez zela inondik ageri adierazi nion… Irribarretxoa eskaini zidan, lasai egoteko esanez, bera profesional eskarmentatua zela-eta halako kasuetan. «Azalduko zaizu, bai, handik ez bada hemendik. Baina –galdegin zidan–, zure hegaldiak dagoeneko lur hartu al du?». Inuzente hau ere, botoa emateko pronto.
Ez da atarramendu onik: botoa emateko tonto, poto egiteko pronto.
Bizargorri, 2016-06-22