Sekula eztako bilera, batzarre edo biltzarra, egin berri da egunotako batean, Mutiloako lurretan, baina Ormaiztegiko mugetan. Animaliena, batik bat; baina, baita ez-animalia batzuena ere. Bilera alimalekoa, edozein moduz ere, alajainetan. Han ziren, aurpegi mindu mukerrez, bekoki ilunez, tripa jaten, haserre baino haserreago, Ormaiztegiko txakurre eta Gabiriko katue; eta bi antolatzaile hauekin batera, gisa berean:
Mutilloko txerrigorrik, Lazkaoko antzarrak, Ataungo otsok, Ordiziko azak, Olaberriko dotorek, Legorretako pikuk, Zeraingo xaguk, Beasaingo barek, Oñatiko txantxikuk, Segurako zopajalek, Itsasondoko ijitok, Amezketako elbik, Zaldibiko arkakusok, Legazpiko ilintxak, Zegamako belek…, eta beste zenbait gehiago ere bai, saltsa eta baltsa hartan antzeman ezinak. Zarautzko haizeak falta ziren, bost axola omen ziela-eta haiei zoko hartako ustel-usaien auziak. Falta ziren arratoiak eta putreak eta kaioak ere, azkarregi omen zela-eta haientzat; agertuko omen zirela datozen Sandresetarako…
Oihu, istilu eta zalaparta, tren-zubi azpiko bainu-etxe zaharraren inguruetan zeuden guztiak bilduta, anabasan, Lurpe izeneko zabortegi ez hain zaharretik oso apartean gabe. Txandan-txandan, gehienen bozeramaileek hitz egin zuten, frontoi txikiko oholtzatik, ozen bezain bizi. Ormaiztegiko txakurrak eman zion hasera, gorrotoak hartuta, aurpegi garratza erakutsiz eta esanez:
—Lehen kalte eta lardaska gutxi ez eta orain…, orain lehen halako bost kakatan plost gehiago! Zaborra, zikina, zarata, kiratsa eta nazka gure erdi-erdiko kale nagusitik egunero; eskola, plaza, museo, udaletxe eta piszinen aurretio! Kamioiak eta kamioiak (egunero ehun eta hogeita hamar, hiru urtez), kamioiak eta kamioiak kakaz beteak Lurpe zabortegira, herri osoa zeharkatzen duen errekara. Hau marka! Seguruxeagotan ere, non edo han behar omen dira pilatu probintziako hondakinak eta…, ehun mila tona guretzat! Zakurren biolinak! Errezilgo zapatariarena gertatu zaie, sobrare, diputatuei: egin eta egin eta egin, eta, atzenerako, ofizioa ahaztu… Diputapena! Aldeizue hemendio!!!
—Aldeizue, bai, hemendio, malapartatuak halakoak –segitu zuen Mutilloko txerrigorrik, ezpainak estu-estu eginda, barruak irakiten–. Izan ere, astea bete da oraintxe hauteskundeak izan ditugula. Inork inon aditu al dio inori zabor-pila honi buruz ezer!? Ezta hitz erdirik ere ehun mitinetan, jontxe! Eta orain, ditxa atxanpanatuaren ondoren, orain, errukirik gabe, notizia beltza: zuentzat dira probintziako kakak; zuentzat hautsak, hotsak eta kiratsak.. Gobernu txarra etxean, zakurren potrok eltzean. Diputapena…!
—Disparatea! –aldarrikatu zuen Zeraingo saguk, betondoa zimurtuta, kopeta beltzez–. Disparatea, kuanto! Hainbeste ikasi eta estudiatu, zer arraiotarako jauntxo eta andereño diputatuek? Halakoei hala esaten zien Aizpeako Anajoxepa artzai aspaldikoak: «Estudiante mala-kara, bi begikiñ errekara!». Bi begikiñ errekara kuanto, mutilloarren ipurtzulora eta ormaiztiarren muturren aurrera milaka tona zabor dakarrena! Diputapena…!
Eta halatsu, hamaika sutsu. Banan-banan askok esan zuen asko, haserre. Bien bitartean, hango oihu eskandalua! Batzuek: «Alde, alde, alde; alde hemendio!»; beste batzuek: «Bi begikiñ errekara!!»; eta den-denek, temoso: «Diputapena! Diputapena! Diputapena…!!!», euskara batuan, ustez.
Bizargorri, 2016-10-05